Kontu publikoak

Defizit "erreala" %1,9ra mugatu du Eusko Jaurlaritzak

2011. urteko behin-behineko defizita 1.672 milioi eurokoa dela esan du, baina ziurtatu du hortik 420 milioik ez dutela eragin gastu gehiago.

Ivan Santamaria.
2012ko otsailaren 28a
20:25
Entzun

Joan den urtean 1.672 milioi euroko defizita izan zuela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak, aurrekontuetan kalkulatu zena baino 816 milioi handiagoa. Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak eman du datua, gobernu kontseiluak egin duen bileraren ondoren.

Kopurua barne produktu gordinaren %2,54 da, Espainiako Ogasun Ministerioak atzo aipatu zuena baino %0,02 txikiagoa. Zenbaki globalak oso antzekoak izan arren, zenbait ñabardura egin ditu Agirrek. Esaterako, azaldu du 420 milioik ez dutela eragin gastu gehiago, aldez aurretik finantzatuta zeudelako.

Diru hori alde batera utzita, defizita %1,9ra jaitsiko litzateke. "Iaz gertatu zen errealitatea hobeto islatzen duen ehunekoa da hori", ziurtatu du Agirrek.

Halaber, behin-behineko kalkulua dela nabarmendu du, eta baliteke behin betiko emaitza txikiagoa izatea. Edozein modutan, defizit helburuak ezin direla "sakratutzat jo" argudiatu du Agirrek. "Ez dugu jarriko oinarrizko zerbitzu publikoak ematen jarraitzeko lehentasunaren gainetik.

Helburua bete ez izanaren arrazoi nagusia diru sarreren gutxitzea izan da, sailburuaren arabera. Zerga bilketak mila milioi euroko zuloa utzi zuen, eta Patxi Lopezen gobernuak espero baino 650 milioi euro gutxiago jaso zituen. Hori dela eta, diru sarrerak handitzeko erreforma fiskal baten beharra aldarrikatu du berriro Agirrek.

Bestalde, ziurtatu du Eusko Jaurlaritzaren zorpetze mailak ez duela arazo berezirik sortzen. Gaur egun, 260 milioi euro ordaintzen ari da urtero gobernua interesei aurre egiteko, gastu aurrekontu orokorraren %2,5.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.