Defizit helburua beteko ez badu ere, Greziak laguntza jasoko du azaroan

EB, EBZ, eta NDFko ikuskariek erreskate funtsetik beste 8.000 milioi bideratzea hitzartu dute AtenasekinTroikak ohartarazi du neurri gehiago behar direla 2013 eta 2014an gastua murrizteko

Ivan Santamaria.
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Erreskate funtsetik laguntza jasotzen jarraitzea hitzartu dute Greziako Gobernuak eta nazioarteko ikuskarien troikak. Ikuskariek ontzat jo dituzte Greziak ekonomia onbideratzeko hartu dituen neurriak, eta laguntzaren seigarren multzoa eskura jarriko diote, «ziurrenik azaroaren hasieran». Guztira, 8.000 milioi izango dira; 5.800 Europako Batasunak jarriko ditu, eta 2.200 Nazioarteko Diru Funtsak.

Laguntzaren truke hartu beharreko neurritasun erabakien balantzea aztertzen aritu dira EB, EBZ eta NDFko nazioarteko begiraleak egunotan. 2011. urterako Giorgos Papandreuren gobernuari ezarri zitzaion defizit helburua ez dela beteko egiaztatu dute ikuskariek. Aurten defizit publikoa %7,6ra mugatzeko konpromisoa hartu zuen Greziak, baina azkenean %8,5 inguru izatea espero du. Ekonomiaren erorketa sakondu izanari leporatu diote troikako kideek egoera, baina baita ere neurri batzuk martxan jartzeko atzerapenari. Orain, 2013. urtera arte hazkundeari ezingo zaiola heldu ondorioztatu dute EB, EBZ, eta NDFk.

Planto egin ondoren, neurritasun erabaki gehiago hartzea eta martxan jartzea onartu zuen Greziako Gobernuak. Urrian horien inguruko bozketa gainditu behar du legebiltzarrean. Soldata eta pentsioen jaitsiera, zerga batzuen igoera eta funtzionarioen kaleratzea aurrera eraman nahi ditu, besteak beste. Troikak keinu bat egin dio Papandreuren gobernuari, eta, egoera ikusita, 2012. urterako neurri gehiago beharko ez direla onartu dio. Heldu den urterako 14.900 milioi euroko defizita baimenduta du. Hori bai, 2012. urtearen erdialdean programa fiskala indartu behar duela ohartarazi dio, eta beharrezkotzat jo du 2013. eta 2014. urteetan gastuari eusteko ekimen gehiago hartzea.

Pribatizazio programaren garapenarekin ere arduratuta daude nazioarteko ikuskariak. 2011. urtean aktibo publikoak salduta espero baino diru gutxiago bilduko dela uste dute. Oraingoz, gobernuak bere helburuari eusten dio — 35.000 milioi euro lortzea 2014. urterako — eta pribatizazio prozesua profesionalen eskuetan utzi izana txalotu dute ikuskariek.

Garraioetan, lizentzia sisteman edo araututako lanbideetan egiturazko erreformek aurrera egin dute, troikaren aburuz, baina aldaketa sakonagoak administrazioaren erronka nagusia direla uste du. Horren haritik, enpresa alorreko itun kolektiboak sektorekoen gainetik jarri izana «aurrerapauso handia» dela azaldu du.

Greziarentzat, «orekatua»

EB, EBZ eta NDFko ordezkariek egin duten azterketa «orekatua, praktikoa eta positiboa» izan dela ziurtatu du Greziako Gobernuak, Evangelos Venizelos Finantza ministroaren eskutik. Orain arte egiturazko erreformetan izandako atzerapenak gainditu behar dituztela ziurtatu du Venizelosek, 2012. urteko helburuak bete ahal izateko.

Edonola ere, 8.000 milioi euroko laguntza bideratzeaz gain, zor publikoaren arazoari «behin betiko konponbidea» emateko programa berri bat egituratzea beharrezkoa dela nabarmendu du Venizelosek. Hori dela eta, Greziak espero du joan den uztailaren 21ean Europako buruzagiek hitzartu zituzten erreskate neurri berriak bideratzeko akordioa gauzatzea heldu den urriaren 23ko goi bileran.

Greziako egoeratik aparte, urriaren 23an bankuen kapitalizazio beharra aztertuko dute. Gaur kapitalizazio horretarako proposamenak aurkeztuko ditu Europako Batzordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.