Defizit helburua betetzen ez duten erakundeen kontuetan esku hartuko du Madrilek

Europan erabiltzen den sistema dela argudiatu du Cristobal Montorok; erkidegoei eta udalerri handiei eragingo die

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Administrazio publikoen gaineko kontrola areagotzeko neurri gehiago iragarri ditu Espainiako Gobernuak. Hain zuzen ere, defizit eta zorpetze mugak betetzen ez dituzten erakundeak finantza alorrean esku hartzeko bidea ireki nahi du Raxoiren exekutiboak, Europako Batasunak herrialdeekin erabili nahi duen ereduan inspiratuta,

Defizitari aurre egiteko «estatu konpromisoa» lortu dela jakinarazi zuen Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak, atzoko Zerga eta Finantza Politikaren Kontseiluaren ondoren. Akordio global horren barruan, gehiegizko defizita eta zorpetzea dutenentzako zigorrak aurreikusi dira, eta erkidego eta udalerrietan esku hartzeraino irits liteke gobernua, aldez aurretik iragarritako helburuetatik oso urrun geratzen badira.

Finantza arloko esku hartze hori «Europako Batasunean egiten den gisakoa» izango dela azaldu zuen Montorok, hots, Espainiako eta erkidegoetako gobernuen artean finantzak berriro orekatzeko plana egingo dute. Zigorrek eta esku hartzeek Hegoaldeko administrazioen kasuan izango duten eragina ez dago garbi, hala EAEk nola Nafarroak alde biko finantza harremanak dituztelako estatuarekin, eta ez direlako ogasun eta finantzaketa sistema beraren parte.

Halaber, defizit eta zorpetze arazo larriak dituzten erkidegoen egoera arintzeko asmoz, ICO kreditu institutu ofizialetik finantzazaketa bideratuko zaie. Hori bai, bide horretatik dirua eskatzen duten administrazioek trukean gastua onbideratzeko programak aurkeztu beharko dituzte.

Aurrekontuen Egonkortasunerako Lege proiektuari dagokionez, administrazio guztiek gehienezko gastua kontu publikoetan finkatu beharko dutela aurreratu zuen Montorok, baita 200.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriek ere. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jadanik gehienezko gastua finkatzen zuten aurrekontuak egiterakoan.

Amaiurren kritikak

Defizita kontrolatzeko asmoz Espainiako Gobernuak egin dituen proposamenak gogor kritikatu ditu Amaiurrek. Ezker abertzaleko koalizioaren irudiko, Aurrekontuen Egonkortasunerako Lege proiektua atzerapauso bat izango da, «jdanik txikia eta mugatua den autogobernuan».

Iñaki Antiguedad eta Rafa Larreina diputatuek Bilbon eginiko agerraldi publikoan azaldu zuten erreforma hauekin Hego Euskal Herriak duen egitura sozioekonomiko propioa ez dela aintzat hartuko. Hori dela eta, administrazio guztiei ezin zaiela tratu bera eman azaldu zuten. «Europatik ezartzen den kontrola onartzeko prest geundeke, baina ez dugu kontrol hori nola gauzatzen den beste batzuen eskuetan utzi nahi». Iragarritako azken moldaketekin PPk bere eredua inposatu nahi duela uste du Amaiurrek. «Ezkutuko birzentralizazioa egin nahi dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.