Defizita handitzeko giltza Madrilen egongo da erreformaren ondoren

Ezarritako muga estua gainditzeko aukera bakarra Espainiako Kongresuak onartzea izango da, eta soilik egoera berezietan2020tik aurrera aldundiek eta udalerriek aurrekontu orekatuak eduki beharko dituzte

Ivan Santamaria.
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Konstituzioaren aldaketak are gehiago mugatuko du euskal erakundeek aurrekontu politika euren kasa antolatzeko duten eskumena. PSOEk eta PPk hitzartu duten erreformak administrazio publiko guztiak behartuko ditu; ezarriko den defizit muga estua egoera berezietan gainditzeko aukera emango badu ere, Espainiako Kongresuaren esku egongo da erabakia. Gero, defizit gehigarri hori administrazioen artean nola banatu finkatuko da.

Erreformak bi fase izango ditu. Konstituzioan ez da defizit eta zor publikoa mugatzeko kopuru zehatzik agertuko. Hori bai, 135. artikulu berriak jasotzen du Espainiako Gobernuak eta erkidegoek ezin izango dutela gainditu Europako Batasunak ezarritako defizit muga. Gaur egun, BPGaren %3 da defizitarentzat, eta %60 zor publikorako. Ondoren, sozialistek eta popularrek Lege Organiko baten bidez finkatu nahi dute sistema berria. Lege hori 2012. urteko ekaina igaro baino lehen onartu beharko dela dio Konstituzioaren moldaketak.

Lege organikoaren ildo nagusiak hitzartuak dituzte PSOEk eta PPk. Hala, administrazio guztien egiturazko defizita %0,4tik ezin dela pasatu erabaki dute. Espainiako Gobernuaren muga %0,26 izango da, eta erkidegoena, %0,14. Tokiko erakundeek ezin izango dute defizita eduki, eta aurrekontu orekari eustera derrigortzen ditu akordioak. Alegia, ezingo dute gastatu urtean izandako diru sarreren gainetik.

Erakunde publikoek gaur egun dituzten finantza desorekak zuzentzeko aukera izan dezaten, muga horiek guztiak 2020. urtean jarriko dira indarrean. Finkatu diren ehunekoak 2015. eta 2018. urteetan aztertzeko aukera zabalik utzi dute.

Defizita eta zor publikoa handitu ahal izateko hiru salbuespen egoera arautuko ditu Konstituzioaren artikulu berriak. Atzeraldi ekonomikoa eta natura hondamendia propio aipatzen ditu, baina hirugarren aukera oso irekia da. «Estatuaren kontrola gainditzen duten aparteko larrialdiak eta estatuaren bideragarritasun ekonomiko eta soziala kaltetzen duten egoerak», dio zehazki proposamenaren testuak. Hori bai, Espainiako Kongresuan gehiengoa behar da egoera horiek aintzat hartu eta salbuespena onartzeko.

Adostu diren baldintzek Alemaniak erabili zuen formularekin antz handia dute. Alemaniak defizita %0,35era mugatzea erabaki zuen, baina zenbait salbuespen ere onartu zuen. Euroguneko herrialde guztietako konstituzioetan aurrekontu publikoak orekatzeko betebeharra agertzea bultzatzen ari dira Alemania eta Frantzia, joan den astean Merkelek eta Sarkozyk egin zuten bileraren ondoren. Espainia izan da proposamena ontzat jo eta martxan jartzea erabaki duen lehen herrialdea.

Aldundien ahalmena airean

Orain arte defizit publikoak bazituen mugak. Espainiako Egonkortasun Legearen arabera, hazkunde tasa %2 baino txikiagoa izanik, defizitari heltzeko aukera zuten. BPGaren igoera %3 edo gehiago izanik, superabita derrigorrezkoa zen. Erreformak nabarmen gogortuko ditu betebehar horiek.

Euskal erakundeei dagokienez, foro aldundien zorpetzeko ahalmena airean geratuko da. Alor horretan gutxienez erkidegoek adinako burujabetza dutela aldarrikatu izan dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoak. Haatik, Espainiako Gobernuak ez die aitortu, eta tokiko erakundeen zakuan sartu ditu. Hala balitz, zero defizita izatera behartuko lituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.