«Demokratikoki» erantzungo diote sindikatuek etzi dendak irekitzeari

Igande eta jaiegunetan saltokiak zabaltzeak luze gabe negozio txikiei kalte egingo diela uste dute sindikatuek

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Igande honetan Bilboko For arropa dendak ateak zabalduko ditu berriz, eta beste behin ere ELA, CCOO, UGT eta LABek protesta egingo dute dendako atarian. Abenduaren 18an zabaldu ziren azken aldiz dendak jaiegunez Bizkaiko hiriburuan,Eguberri aurreko igandea zela aprobetxatuz. Orduan, Man eta El Ganso dendak ere zabalik egon ziren. Igande honek merkealdien hasieraren biharamunarekin bat egiten du, eta, oraingoz, For dendak bakarrik eman du zabalduko duen berri.

Orain dela hiru asteko elkarteratzea bezala, igandekoa ere «demokratikoa» izango dela adierazi dute sindikatuetako ordezkariek, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak protesta horretan «gizalege eta demokraziatik kanpoko metodoak» erabili zituztela adierazi baitu. «Langileok gure eskubideak defenditzeko eskubidea daukagu, eta orain arte inongo bezerori ez diogu galarazi dendan sartzea», ziurtatu du Paula Garciak, UGTko ordezkariak.

Legearen arabera, 150 metro koadro baino gutxiago dituzten dendak urteko jaiegun eta igande guztietan zabal daitezke, eta handiagoak direnak, zortzi egunez. Oraintsu arte, ordea, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan saltoki handiak ere itxita egon dira, besteak beste, sindikatuen presioaren ondorioz. Bilbokoa da ohitura hori hautsi duen lehen kasuetako bat, eta erakundeen sostengua izan du. Azkunak erosketak eginez erakutsi zien elkartasuna abenduaren 18an denda zabaldu zutenei. «Legea bete besterik ez dute egiten», azaldu zuen.Bernabe Unda Industria sailburuak ere keinu bera egin zuen.

Denda txikien aurka

Erosketak egiteko gaur egungo merkataritza ordutegia «aski zabala» dela adierazi dute sindikatuetako ordezkariek. Astean 72 orduz egoten dira zabalik. «Hainbat urtetan inkesta ugari egin dira, eta inon ez da azaldu euskal gizarteak ordutegia zabaltzea nahi duenik», Garciaren hitzetan. Gainera, neurri hori saltoki handien onerako baino ez dela uste dute, «berandu gabe denda txikiak ixtea baitakar», Maribel Baranda CCOOko ordezkariaren ustez. Txema Azkuenaga Bilboko Udaleko Bilduko bozeramailea ere iritzi berekoa da: «Gutxi batzuen negozioa eta etekinak soilik lehenesten dituen eredu ekonomiko arrotz baten inposizioa da». Deskantsurako eskubidearen aurkako neurritzat hartu du Azkuenagak jaiegunetan zabaltzeko erabakia, eta, horregatik, igandeko elkarteratzean egongo direla ere aurreratu du.

Kontsumoa, gainera, lur jota dago, krisiak erosteko ahalmenari zuzenean eragin baitio. Barandak garbi du igande eta jaiegunetan zabaltzeak ez duela «kontsumoa sustatzen». «Gizarteak ez du erosteko ordu gehiago behar, erosteko ahalmen handiagoa baizik». Haren iritziz, neurri horrek enplegua sortzen ere ez du laguntzen, alderantziz baizik. Borondatezko langileak lan baldintza kaskarretan daudela azpimarratu dute sindikatuek, eta, horregatik, «enpresaburuen xantaia eta presioa» kasu horietan begi bistakoa dela.

Sindikatuek gogora ekarri dute Madrilen ere lau jaiegun edo igandetan zabaltzen hasi zirela, eta orain «urteko 365 egunetara iritsi dira, eguneko 24 orduetan». Horregatik, egun batez irekitzeari «ezin zaio garrantziarik kendu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.