Zorraren krisia

Denbora amaitzen ari da

Euroguneko Finantza ministroek zorraren krisia amaitzeko formulak eztabaidatu arren, tentsioa handituz doa merkatuetanGreziak konpromisoa bete ostean, 8.000 milioi euro mailegatzea baimendu dute

joxerra senar
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Zor merkatuetan euroguneko herrialdeen inguruko presioa handitzen ari diren honetan, euroguneko 17 Finantza eta Ekonomia ministroak —Eurotaldea delakoa— Bruselan bildu ziren atzo euroaren haustura saihestuko duten neurriak eztabaidatzeko. Batetik, Greziari hurrengo mailegu ordainketa (8.000 milioi euro) onartu zioten. Bestetik, uztailean hitzartutako EFSF Europaren Finantza Egonkortasunerako Funtsaren funtzionamendurako xehetasunak eztabaidatu zituzten. Funtsa urtarrilerako abian jartzea espero da, baina ordurako, egoera are gehiago larritu daiteke. Denbora amaitzen ari da.

EFSF funtsa iazko maiatzean sortu zen, eta gaur egun 440.000 milioi euro ditu; egiazki, 250.000 milioi, Portugal, Grezia eta Irlandaren erreskateetarako dirua kenduz gero. Diru hori, ordea, ez da nahikoa Italia edo Espainia erreskatatzeko, eta aukera hori gero eta gertuago dagoenez, bere ahalmena eta funtzioak areagotu nahian dabiltza euroguneko Finantza ministroak.

Horretarako, palanka-efektu finantzario bidez, bere kapitala biderkatu nahi du euroguneak. Uztailean funtsa bilioi bat eurora handitzea hitzartu arren, nekez lortuko dute helburu hori. Merkatuaren egungo baldintzak aintzat hartuta Bruselako iturriek aitortu dute 650.000 milioi euro ingurukoa izan daitekeela, baina beharbada diru hori ere ez da nahikoa izango. Horregatik, beste formula batzuk ere aztertzen ari dira.

Aukera horietako bat da EBZk dirua maileguan uztea Nazioarteko Diru Funtsari eta horrek Italiari edota Espainiari dirua mailegatzea.EBZk zuzenean herrialdeon zorra masiboki erosteko Alemaniak jar ditzakeen eragozpenak saihestu egin daitezke NDF bitartekari gisa erabilita.

Hurrengo asteko goi bilerarako formula horiek hitzartuta eta zehaztuta egon beharko dute. Helburua da merkatuetako inbertitzaile pribatuei konfiantza igortzea arazoak dituzten herrialdeen zorra erosten jarrai dezaten eta modu horretan, zor horren finantzaketa kostua merka dadin.

EFSFren eskemaren bidez, batetik, zorraren erosleei etorkizunean egiten duten inbertsioaren %20-30 bitarteko bermea eskainiko zaie. Bigarrenik, EFSFk merkatuetan Europako Banku Zentrala ordezkatuko du eta enkanteetan zein bigarren mailako merkatuetan bonuak erosiko lituzke. Azkenik, arazoak dituzten finantza erakundeak birkapitalizatzeko funtzioa ere beteko du.

Azken finean, EFSF da zor subiranoaren krisia herrialde batetik bestera heda ez dadin eurogunea diseinatzen ari den su-hesi nagusia. Arazoa da dagoeneko sua erabat hedatu egin dela herrialde gehienetara eta EFSF martxan jartzerako beranduegi izan daitekeela. Izan ere, Europaren esfortzu guztiak ez dira nahikoa merkatuen abiadari erantzuteko. Urtarrilean martxan jartzea espero da, baina merkatuetan tentsioa handitzen ari da.

Atzo, Italiak enkantean interes tasa oso garestiak eskaini behar izan zituen 7.500 milioi euroko finantzaketa lortzeko: hiru urterako bonuak %7,56ko interes tasan saldu zituen (urrian, %4,93an ). Harrigarriki, urrian hamar urterako bonoak %6,06ko finantzazio kostua zuen.

Italiak eta euroguneko beste herrialde batzuk merkatuetan duten arazoa da inbertitzaileek—banku eta funtsak batik bat— euren zor tituluetan inbertitzea arrisku gisa ikusten dutela, eta zor tituluak saltzen dihardutela. Adibidez, asteon jakinarazi du Nomura taldeak irailetik %85 murriztu duela Italiako zorraren gaineko inbertsioa eta %75euroguneko beste herrialdeena.

Beste arazoa rating agentziak dira. Bere iritziek ez dute laguntzen konfiantza sendotzera. Guztiz alderantziz. Herenegun, Moody's rating agentziak ohartarazi zuen hipotesirik baikorrenean ere, euroguneko herrialde gehienen zor kalifikazioa kaskartu egingo dela. Hipotesi ezkorrenean, ez du baztertzen herrialde batzuk eurotik ateratzea. Atzo, agentzia horrek Europako 87 bankuren zor kalifikazioa jaisteko arriskuaz ohartarazi zuen. Frantziako komunikabideen arabera, berriz, Standard & Poor's-ek egun gutxi barru Frantziari zor kalifikazio gorena kenduko dio.

Greziak beste 8.000 milioi

Testuinguru zail horretan, beste hainbat fronte ditu irekita Euroguneak. Horietako bat Grezia da. Erreskateko maileguaren seigarren ordainketa onartu egin zuen atzo Eurotaldeak. Diru hori jaso ezean, kiebra joko luke.

Baldintza gisa, Greziako alderdi nagusiek beharrezko erreforma guztien aldeko idatzizko konpromisoa ematea jarri zuten Europako Batzordeak, Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Banku Zentralak. Lukas Papademos lehen ministroak, Georgios Papandreu lehen ministro ohiak eta Antonis Samaras oposizioko alderdi nagusiko (ND) buruak gutun bidez konpromiso hori azaldu dute eta Greziak beste8.000 milioi euro jasoko ditu. Irlandak ere maileguaren hurrengo zatia jaso ahalko du, 11.500 milioi euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.