Merkataritza

“Dendak beti irekita edukita” enplegua ez dela handituko salatu du Jaietan Jaik

Merkatari, langile eta kontsumitzaileei dei egin die jaiegunetan dendak ez zabaltzeko, eta ohiko egunetan erosketak egiteko. Kanpainarekin bat egiten duten dendek kartel bat jarriko dute erakusleihoetan.

Jaietan dendan ez irekitzeko eskatzeko protesta bat. JON URBE /FOKU
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko abenduaren 18a
14:47
Entzun

“Asper-asper eginda gaude beti merkataritza kate handien eta multinazionalen alde egiteaz. Beti limurtu gaituzte esanez denda txikien salmentak ugaritu egingo zirela jaiegunetan irekiz gero”. Baina ez dute horrekin bat egiten, eta, horregatik, Jaietan Jai plataformak mobilizazio kanpaina  bat abiatu du jaiegunetan dendak zabaltzearen aurka. “Etsigarria da ikustea nola hiriak eta merkataritza guneak kate handien beharren arabera diseinatzen dituzten”.

Jaiegunetan dendak ez zabaltzeko deia egin die horregatik dendariei, eta kontsumitzaileei erosketak egin ez ditzatela eskatu. “Gure erosketak egiteko ordutegiak behar bezain zabalak dira, eta jabetu behar dugu zer eta noiz erosten dugun”. Kanpainarekin bat egiten duten dendetan kartel bat jarriko dute, adierazteko eurek jai egiten dutela jaiegunetan.

Une honetan, astero mobilizazioren bat egiten ari dira plataformako kideak jaiegunetan zabaltzen dituzten denden atarian protesta egiteko. Momenturen batean greba egiteko aukera ere aztertu zen, baina oraingoz aukera hori ez dute mahai gainean jarri. Adierazi dute, ordea, “mobilizazioa aurrera badoa ikusiko dela” aukera hori martxan jarri edo ez.

Erakundeei eskaera egin die plataformako kideek merkataritza lege berri bat martxan jar dezaten, eta bertan dendari txikiak babesteko mekanismoak eskatu dituzte. Plataforma plurala dela ere nabarmendu dute. Honako hauek hartzen dute parte: ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta CGT sindikatuak, Euskaldendak, Araba denda eta Garen patronalak, EKA eta EKE kontsumitzaileen elkarteak, Bilboko auzo elkarteen federazioak, Donostiako bizilagunen plataformak eta SOS Alde Zaharrak, REAS sareak eta Ernaik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.