Turismoaren hazkundea

Denis Itxaso: "Haz gaitezen, baina muga batzuk jarrita"

Donostian hotel gehiago egin behar direla esatearekin batera, turismo eredua zaintzea ezinbestekoa dela azaltzen du Denis Itxaso Gipuzkoako Turismo diputatuak. Ez du uste hiria Bartzelonaren bidean doanik, baina arriskuak badirela ez du ukatzen.

jarraia123302.jpg
xabier martin
2016ko maiatzaren 29a
14:10
Entzun

Gipuzkoako Turismo Mahai eratu berriko presidentea da Itxaso. Sektorea are gehiago indartu eta aldi berean arautu behar dela dio, turismo eredua ongi finkatuz.

Turismoari erreparatuta tsunamia datorrela esan duzu. Onuragarria izan daiteke tsunami bat?

Gure gainetik pasa daitekeen olatua izan ordez, surfean hartu beharko genukeen olatua bihurtu behar dugu. Arriskuak badaude, badakigulako guregandik hurbil dauden beste hiri batzuetan masifikazioa eta saturazioa gertatu dela. Hori ez zaigu inola ere komeni, gure turismoaren kalterako litzatekeelako, eta hori baino okerragoa dena: gure bizimodua, bizi kalitatea eta bizikidetza arriskuan jarriko lituzkeelako.

Baina aberastasun iturria dela esaten duzue sarritan erakunde publikoek.

Horrela baita, eta ulertu behar da turismoa ez dela jada sektore ekonomiko osagarri bat, gure hazkunde ekonomikoaren bihotzean bete-betean dagoen sektorea baizik. Eta horrek behartzen gaitu datorrenari buruz diagnostiko zuzen bat egitera eta geroa planifikatzera. Guk heldu behar diogu sektoreari, eta ez alderantziz. Aberastasuna sortzeko aukera hortxe dugu, baina aldi berean zer-nolako aberastasuna sortuko dugun pentsatu behar dugu, sektorean dihardutenen lan baldintzak eta soldatak kontuan hartuz.

Nola?

Kongresu turismoa sustatu behar dugu, turismoa urte osoan banatu dadin. MICE turismoaz ari naiz.

Baina zer egingo du aldundiak sektorean soldata handiagoak ordain ditzaten?

Soldatak orekatu behar direla argi dago, baina kontua ez da bakarrik gehiago pagatzea. Zerbitzuak kalitatezkoa behar badu, langileak trebakuntza beharko du. Jendeak lanpostu horietan egon nahi izatea lortu behar dugu, haiei duintasuna emanez. Behin-behineko lanpostu gisa ikusten badira, ez da arazoa konponduko; jauzi bat eman behar da profesional bikainak trebatuz. Ingeniariak behar ditugula? Ongi; baina turismoa sektore garrantzitsua dela sinesten badugu, profesional bikainak beharko ditugu hor ere.

Orain ez daude?

Gure turismoaren ikurra bikaintasuna da, esklusibotasuna; edonor ezin da gurera etorri, oso helmuga turistiko garestia delako. Bada, horrek zerbitzuarekin lotura zuzena behar du, eta horretan hobetu egin behar dugu.

Bartzelona txiki bat bihurtzeko bidean da Donostia?

Bartzelona eta Veneziaren ereduak ekidin nahi ditugu, besteak beste nortasuna galdu dutelako. Gure-gurea sustatu nahi dugu. Ez goaz Bartzelonaren eredura, baina geroa gaurtik hasi behar dugu planifikatzen, turismoaren hazkundeari muga batzuk ezarrita. Oraindik bada marjina hazteko. Indarkeria bukatu da, eta gero eta erakargarriagoak gara, kultura, paisaia, gastronomia, egoera politikoa... dena lerrokatu delako. Haz gaitezen, hotel gehiago egin ditzagun, baina jakinda muga batzuk daudela beti.

Gipuzkoaren BPGaren %7,2 da turismoa, eta Donostiarenaren %10. Non dago muga?

Kopuru esanguratsuak dira, baina oraindik Bartzelonatik oso urrun gaude, adibidez.

Turistak kostaldetik barrualdera ateratzea ez al da kimera?

Zaila da. Argi dago barruan eta kostan turismoa bi abiaduratan doala, baina gauzak kontatzen diren moduaren arabera, turismoa modu batera edo bestera mugituko da lurraldean. Kultura, gastronomia, produktuak, merkatuak, sagardotegiak, gazta... kate oso bat saldu behar da, eta hor eskualdeek asko dute irabazteko. Donostian soberakina baitugu jadanik. Parte Zaharra tematizatzen ari zaigula dirudi, eta agian donostiarrek eskertuko dute banaketa hori.

Kongresuen turismoa aipatu duzu lehen. Jaurlaritzak Bilbo lehenesten duela salatu duzu. Zergatik diozu?

Aspalditik lehenesten du. Gardentasuna behar da hemen. Jaurlaritzak Bilbon dauzka egoitza gehienak, eta nabaritzen da. Kongresuei eta azokei buruzko organo bat behar dugu hiru aldundiek eta Jaurlaritzak irizpide garbiak ezar ditzaten. Diru laguntza publikoz lagundutako kongresuak modu orekatuagoan banatu behar dira.

Herrialdekeriatan hasi zarela esango du baten batek...

Esan dezala, baina demagogia alde batera utzita, oreka eskatzen dugunok askoz ere ikuspegi nazionalagoa dugu beti Bizkaiaren alde aritzen direnek baino. Ikerketek diote zenbakiekin diotena, eta hori ezin da ukatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.