Derrigorrezko erretiroa auzitan jartzeko tenorea dela dio OCDEk

Egungo erretiratze politikak «iraganeko erlikiak» dira, Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen aburuz

Erredakzioa
GASTEIZ
2005eko urriaren 11
00:00
Entzun
Adin jakin batetik aurrera erretiratu beharra auzitan jartzeko garaia dela uste du Nazioarteko Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDE). Datorren urriaren 17an eta 18an Bruselan (Belgika) egingo den Adina eta Enplegu Politikak izeneko foroan OCDEk defendatuko du gaur egun erretiroari buruz indarrean dauden politikak eta praktikak «iraganeko erlikiak» direla.

Nazioarteko erakundeak prestatu duen txostenaren arabera, gaur egungo politikek ez dituzte adineko langileak beharrean segitzera animatzen. OCDEko herrialdeetan, batez beste, 50 eta 64 urte bitarteko pertsonen %60k baino gutxiagok lan egiten dute; aldiz, 25 eta 49 urte bitartean dituzten lau lagunetik hiru ari dira lanean. Islandia edo Suediako kasuak apartekoak direla dio txostenak, %70etik gora baitago kopuru hori. Batez bestekotik behera daude, esaterako, Herbehereak, Alemania, Frantzia, Espainia, Italia edo Polonia.Egoera «eutsiezina» dela ohartarazi du idazkiak, finantza publikoak «estutzen» dituelako, eta ongizate maila «jaitsarazten» ari delako. Langile bakoitzeko %38 inaktibo zeuden 2000. urtean eta, egoerak berdin jarraituz gero, 2050ean %70 izango dira. Ikerketa Europara mugatuz gero, langile bat egongo litzateke erretiratu bakoitzeko. Horren arrazoia, OCDEren irudiko, bizi- itxaropena luzatu izana da. 1970. urtetik 2004ra pertsona bat erretiraturik bizi den urteak 11 izatetik 18ra igo dira gizonezkoen kasuan, eta 14tik 23ra emakumeen kasuan. Irtenbide bakarra, ondorioz, bizitza aktiboa luzatzea dela ziurtatu du.Etorkizun dramatikoa irudikatzen du Nazioarteko Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak. Esaterako, per capita errenta urtez urte %1,7 murriztuko dela argudiatu dute txostenean, 1970. eta 2000. urteen artean izandako kopurua baino %30 gutxiago.«Ezin ditugu adineko langileek ekonomiari eman diezaioketen baliabideak alferrik galtzen utzi», dio OCDEk, tesi orokor modura. Ondorioz, erretiro adina auzitan jartzeaz gain, pertsonak aktibo jarraitzeko politikak sustatu behar direla uste du. Ildo horretan, onartzen du herrialde gehienek hasi direla pentsioen erreformak egiten, baina «gehiago» behar dela azpimarratu du.

Benetako erretiroa, legezkoaren azpitik

Txostena kritikoa da, batik bat, Europako Batasuneko herrialdeekin. Gehienetan benetako erretiroa legezko adinera iritsi baino lehen hartzen dela salatu du. Hala gertatzen da guztietan, Txekian, Portugalen, Grezian eta Irlandako Errepublikan izan ezik.

Etorkizun horri aurrea hartzeko, besteak beste, pentsioen sistema eraldatzea gomendatzen die txostenak gobernuei. Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak dio erretiroko soldatak zahartzaroan lanean segitzeko gogoa «piztu» behar du, «apaldu» beharrean.Enpresaburuek, berriz, egungo «diskriminazioa» gainditu, eta enplegua adin ezberdinetako langileei egokitu behar diote. OCDEren ustez, «mito jakin batzuk» desagerrarazi behar dira, «batez ere adin gehiago duten langileek gero eta lan gutxiago dutenean gazteek gero eta lanpostu gehiago dituztela dioena».

Beste gomendio bat langileei eurei egiten die. «Jarrera» aldatu beharko dutela ohartarazi die, urte gehiagoz lan egiteko, eta abildade berriak hartzeko prestakuntzan dauden aldeak kezkagarritzat jotzen ditu. Izan ere, joan den hilean prestakuntza jaso duten 50 eta 64 urte bitarteko langileen kopurua25 eta 49 urte bitartekoena baino murritzagoa da OCDEko herrialde guztietan, batzuetan alde adierazgarriarekin.

Martin Durand OCDEko Enplegu, Lan eta Gizarte Gaietako zuzendariaren ustez, immigrazioa izan liteke «konponbide bat, baina ez da arazoaren irtenbidea».

Datua



%60

OCDEko herrialdeetan, batez beste, 50 eta 64 urte bitartean dituzten bost lagunetik hiru baino gutxiago ari dira lanean, eta 25 eta 49 urte bitarteko adinean lautik hiru ari dira. Islandiak du kopururik handiena (%85), eta Turkiak txikiena (%40 baino gutxiago).

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.