Desadostasunak egon arren, ezinbestekotzat jo du aliantza egitea Muñozek

LABen biltzarrean izan da ELAko idazkari nagusia, eta arlo soziala jorratzearen garrantzia azpimarratu du

joxerra senar
Barañain
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
«Oso gogorra da datorrena, benetan. Oso gogorra». Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak LABen VIII. biltzarreko eszenografian nabarmendu den beltzaren pareko etorkizunaz ohartarazi du behin eta berriz. «Gobernuek bakarrik utzi gaituzte», gaineratu du. Horrek ez du esan nahi Muñoz, diskurtsoan, etsipenean erori denik, eta, LABek biltzarrean egindako keinuari erantzunez, prest azaldu da eztabaidarako: «Langileen interesen aldeko indarrak bildu nahian, euskal sindikalismoaren aliantza defendatzen dugu esparru sindikal sozial eta politikoan lan egiteko. Lehen, beharrezkoa zen; orain, ezinbestekoa. Desadostasunak gorabehera». Muñozek, hori bai, zehaztu du aliatuak «ondo aukeratu» behar direla. «Lortu nahi dugunerako edozerk ez du balio».

Muñozek LABen biltzarreanaitortu du bere belaunaldiak ezagutu gabeko krisia dela. «Une oso gogorrak» datozela eta parekorik ez duen egungo krisiaren inguruan «eskarmenturik ez» dagoela dio. Horregatik, Greziako eta Argentinako esperientziarekin ikasteko beharra ikusi du.

Muñozen ustez, «alde bakarreko neoliberalismoa» dago. «Esparru guztietan kapitalak eskatutakoa ontzat jotzen dute politikariek, eta oreka guztiak apurtzen dira». Hala, erakunde orotan, baita euskal administrazioan ere, «ezkerreko politikak egiteko tarterik ez» dagoela deritzo. Patronalari, berriz, «dena» eman diote PSOEren eta PPren gobernuek. «Amets gehienak bete dituzte. Oso pozik daude. Ez dago euskal patronalik. Diruarekin bakarrik amesten dute».

Arlo sozialaren garrantzia

Muñozen ustez, burujabetzaren ikuspuntutik, «arlo sozialak inoiz baino garrantzi handiagoa du». Halere, «behar besteko garrantzirik ez zaio ematen». ELAko idazkari nagusiak zehaztu du subiranotasunaren inguruko kontzeptu desberdinak dituztela, baina nabarmendu du gai hori ezin dela erlatibizatu eta esparru sozialak «aukera paregabea» eskaintzen duela burujabetzari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.