Finantza sektorea. Berregituratzea

Dexia, bigarren erreskatearen zain

Greziak zorra pagatu ezingo duen usteak bultzatuta, erakunde franko-belgikarrak bi egunean %30etik gora galdu du burtsan. Parisko eta Bruselako gobernuak haren erreskatea prestatzen hasi dira.

2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Dexia da euroguneko zorraren krisiak hondoratu duen lehen finantza erakundea. Ustez osasun betean zegoen banku franko-belgikarra, aise gainditu baitzuen uztailean Europako Banku Agintaritzak (EBZ) jarritako azterketa. Baina Atenasek zorra pagatu ezingo duen susmoak sekulako jipoia eman dio burtsan —herenegun, %10 galdu zuen, eta atzo, %22,5—, dirutza baitu inbertitua Greziaren zor tituluetan. Hori horrela, erakundeko arduradunek eta Frantziako eta Belgikako finantza ministroek larrialdiko bilera bat egin zuten atzo, irtenbideak aztertzeko.

Bankua salbatzeko egin beharreko guztia egiteko prest daude bi herrialde horietako agintariak, baita bankua erreskatatzeko ere. «Administrazio Kontseiluaren proposamen guztiak aztertuko ditugu, eta aukera horien artean dago gobernuen esku hartzea ere», adierazi zuen Didier Reynders Belgikako Finantza ministroak. Aurrezkiak Dexian dituzten herritarrei, berriz, lasai egoteko esan zien, aurreztaile bakoitzaren lehen 100.000 euroek estatuen bermea dutelako.

Baina zergatik horrenbesteko interesa Dexia salbatzeko? Besteren artean, sektore publikoa finantzatzen duen munduko erakunderik handienetakoa delako. Gainera, ez litzateke lehen aldia, duela hiru urte ere hondoa jotzeko zorian egon baitzen. Ordukoan, Frantziako, Belgikako eta Luxenburgoko gobernuek 6.400 milioi euro eman zizkioten.

Europako Banku Agintaritzak uztailean jarritako azterketa erraz gainditu zuen Dexiak.%10,38ko kaudimen gaitasuna frogatu zuen hurrengo bi urteetarako irudikatutako egoerarik zailenean. 100.000 milioi eurotik gorako aktiboak dituzten bankuen artean, soilik bik hartu zioten aurrea: Rabobankek eta Danske Bankek. Baina, hiru hilabete ere pasatu ez direnean, bizirik irauteko irtenbide bila ari da erakundea.

Abuztuan, aurtengo bigarren hiruhilekoko emaitzak kaleratu zituenean, antzeman zitekeen zerbait ez zihoala ondo. Inoizko galerarik handienak izan zituela jakinarazi zuen erakundeak, 4.000 milioi eurorenak, Greziako zor tituluetan egindako inbertsioagatik. Orduan, nolatan gainditu zuen horren erraz uztaileko kaudimen azterketa? Bada, EBAk mahai gainean jarritako inongo egoeratan ez zutelako espero Greziaren porrotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.