Dibisen gerrak baldintzatutako goi bilera hasiko dute gaur G20koek Seulen

AEBek eta Txinak beren dirua ahultzeko hartutako neurriek kritikak eragin dituzte

jakes goikoetxea
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
G20koen goi bilera da, baina Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko aurrez aurrekoa bihurtu da hasi aurretik. Dibisen gerra da G20koek gaur eta bihar Seulen egin behar duten goi bilerako gai eta tentsio iturri nagusia.

G20a osatzen duten herrialde gehienek hilabeteak daramatzate Txina estu hartzen: bere dirua, yuan-a, balio duena baino apalago eustea leporatzen diote, horrela Txinaren esportazioak merkeagoak izateko. Yuan-aren balioak herrialdearen ekonomiaren sendotasunaren eta merkatuen gorabeheren araberakoa izan behar duela esan izan diote etengabe.

Baina Txinari kargu hartzen zioten herrialdeen batasuna hautsi egin da, eta lehen Txinaren diru politika kritikatzen zutenek orain Ameriketako Estatu Batuena ere (AEB) kritikatzen dute. AEBek jo eta su lanean jarri baitituzte dolarrak inprimatzeko makinak: 600.000 milioi dolar sartuko ditu sisteman, bonu publikoak erosiz.

Krisiaren irteera orekatuagoa lortzea da Seulgo goi bileraren helburu nagusia, baina munduko bi potentzia nagusiek sistema desorekatzen duten neurriak hartu dituzte, beren interesak babesteko. Jarrera horiek leundu nahi dituzte Seulen. Bitartean, munduko finantza sistema arautzeko neurriak, klima aldaketa... galduta geratuko dira agendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.