Kutxa "kontrol sozialarekin eta publikoarekin jarraitzeko aukera guztiak sakon aztertzen" ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Txosten juridikoa eskatu du Gipuzkoak Kutxaren etorkizunari begira oinarrizkoak izan daitezkeen aldaketak direla eta. Martin Garitano ahaldun nagusiak eskaera zuzena egin dio gaur Kutxako presidente Xabier Iturberi diputazioa egiten ari den lanaren harira, etziko deitu duen administrazio kontseiluko bilera bertan behera uzteko.
"Kutxak funtsezko erabakiak hartu behar ditu, gipuzkoarren etorkizuna baldintza dezaketenak, eta, beraz, prozesu hori patxadaz, gardentasunez eta aukera guztiak ondo aztertuta eta eztabaidatuta egin behar da”, adierazi du Garitanok. Foru aldundiaren azterketa juridikoaren ondorioak irailean ezagutuko dira; "horregatik, are ulertezinagoa da orain presaka ibiltzea eta txosten horren emaitza ezagutu gabe erabakiak hartzen hastea”.
Gipuzkoako EAJk eranzun dio gaur bertan ahaldun nagusiari, "gezurretan" ari dela esanez, "asteazkeneko bilera arrunta delako eta bertan ez delako kutxaren geroaz erabakirik hartuko". Bilera horretan "etorkizuneko fundazioaren patronoak" proposatzeko gonbidapena egingo diote Gipuzkoako Diputazioari, EAJren arabera. Halaber, jeltzaleek diote irailean hartuko direla erebakiak Kutxaren eraldakuntzari buruz. "Manipulazioa eta gezurra" bazter uzteko eskatu dio EAJk EH Bilduri.
"Kolpe latza litzakete"
Ahaldun nagusiak jakinarazi duenez, Iturberi gutuna bidali dio administrazio kontseiluaren bilera atzeratu eta iraileko bigarren astean egin dezala eskatzeko. "Ez dago presarik; bost hilabete ditugu oraindik erabakiak hartzeko; asko dugu jokoan, eta Kutxaren izaera publikoari eusteko aukerak ondo aztertu behar ditugu. Arduraz jokatu behar dugu”, esan du Garitanok.
Foru aldundiaren arabera, "Kutxak erakunde publikoa izaten jarraitu behar du". "Ezin da gutxi batzuen esku geratu; ezin die elite baten interesei erantzun", azaldu du Garitanok. "Pribatizazioa kolpe latza izango litzateke Gipuzkoako gizartearentzat. Eta kontrol sozial eta publikoa bermatzeko aukera egon badago". "Borondate politikoaren esparruan" kokatu du auzia berriro Garitanok. "Asko dugu jokoan; gure etorkizuna erabat baldintzatuko duten funtsezko erabakiez ari gara. Abenduaren 29ra arteko epea dugu. Beraz, arduraz eta gardentasunez joka dezagun denok”.