Kutxen bat egitea maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzak «errespetatuta»gauzatu beharko litzatekeela uste du Gipuzkoako Diputazioak, hau da, proportzionala izan behar lukeela alderdi politiko bakoitzak batzar nagusietan eta Kutxako batzarrean duen ordezkaritzak. Bilduk lau kide izatea, EAJk hiru, PSE-EEk bi eta PPk bat proposatu du Larraitz Ugarte Diputazioko bozeramaileak. H1ek, beraz, uko egin beharko liekeela karguei azaldu du, batzar nagusietan ez duelako ordezkaririk —gaur egun lau kide ditu Kutxako batzarrean—.
Ez dagoela horretarako prest erantzun dio H1ek. Haren arabera, Kutxa erakunde independentea da, eta batzarrak berritzeko epeak finkatuta dauzka. Epe horiek eta hauteskundeak ez direnez bat etortzen, batzuetan ez dela proportzionaltasunik egoten adierazi du alderdiak.
LABek ere hitz egin du kutxen fusioari buruz. Arabako Ezker Batuko kideekin gertatutakoari erreferentzia eginez, EAJri eskatu dioez dezala «botorik erosi». «Espero dugu kutxak ez direla ariko pentsatzen bat egitea errazten dutenei banku berrian karguak ematea», esan du Josean Urkiolak, sindikatuko Finantza arloko arduradunak. Haren arabera, batzuk prest daude botoa aldatzeko eskaintzen zaienaren truke. Kontrakoa «saldu arren», bateratzea oraindik zertu gabe dagoela gaineratu du.
Diputazioak Kutxako batzarretako postuak uzteko eskatu dio H1i
Haren ustez, alderdiek batzar nagusietan duten proportzioa mantendu behar luke Kutxako batzarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu