Arrisku saria murriztu eta finantzaketa bideragarria lortzeko estrategia doitzen jarraitzen du Espainiako Gobernuak. Azken ideia erreskatea eskatzea da, baina horren barruan dirurik galdegin gabe. Ekonomia Ministerioko ordezkariek aukera hori azaldu zieten nazioarteko hedabideetako zenbait kazetariri, herenegun egindako bileran, eta atzo Raxoiren gobernuak esku artean dituan asmoen berri eman zuten zenbait hedabidek.
Espainiako Gobernuaren ustez, tresnarik funtsezkoena Europako Banku Zentralak (EBZ) laburrera begirako zorra erosten hastea da. Haatik, EBZk argi utzi du ez dela zorra erosten hasiko herrialde batek erreskate funtsaren laguntza eskatu eta Europako bazkideekin baldintzak hitzartzen dituen arte. Urrats hori eginda, EBZk iraupen laburra duten bonuak erosteari ekingo lioke, mugarik gabe, hasiera batean.
Europako Batasuneko erreskate funts iraunkor berriak (ESM) arazoak dituzten herrialdeei laguntzeko bi modu aurreikusten ditu. Alde batetik, orain arte egindako erreskatea legoke. ESMk arazoak dituen herrialdearen finantzaketa bermatuko luke denbora jakin baterako, ezarritako baldintza makroekonomiko eta fiskalen truke. Grezian, Portugalen eta Irlandan erabili den erreskatea da. Bigarrena bestelakoa litzateke: arazoak dituen herrialdeak ESMk bere zorra erosten hastea eskatzeko aukera du. Ez litzateke erreskate osoa izango, eta, hasiera batean, baldintza arinagoak izango lituzke.
Ekonomia Ministerioak buruan duen jokaldia honako hau litzateke. ESMren laguntza eskatuko luke, eta, trukean, eskatzen zaizkion baldintzak onartuko lituzke. Haatik, ez luke ESMren dirua erabiliko merkatuetan bonuak erosteko. Kreditu ildo «birtuala» litzateke, Ministerioaren ustez. Erreskatearen pausoa emanda, ordea, EBZk aukera izango luke merkatura sartu eta Espainiaren zorra erosten hasteko. Hain zuzen ere, Luis de Guindos Ekonomia ministroak behin eta berriro galdegin duen urratsa.
Espainiako gobernuaren ustez, EBZ jokoan sartze hutsak eragin itzela izango luke merkatuetan, arrisku saria nabarmen murrizteraino. Wall Street Journal egunkariak aurreikuspen bat eman zuen atzo: erreskatea eskatu eta biharamunean arrisku saria oinarrizko 150 puntu jaisteraino eta burtsa %15 igotzeraino iristea posible ikusten du ministerioak.
Estrategiarekin aurrera egin baino lehen zenbait zalantza argitu beharko lituzke Espainiak. Lehenik eta behin, EBko eta, batez ere, euroguneko bazkide guztiek onartuko eta babestuko dutela egiaztatu nahi du. Orain arteko erreskateek ez dute merkatuen ezinegona baretu, eta Espainiak laguntza eskatu ondoren Italiari dirua eska diezaion presioa handituko zaion ez dago garbi. Era berean, Europatik nolako baldintzak ezarriko zaizkion aldez aurretik jakin nahi du gobernuak. Orain arte iragarritako erreformekin Bruselaren nahiak beteko direla eta aski izango dela sinetsita dago.
Alemaniaren jarrera
Espainiarentzat bigarren erreskate bat ez duela beharrezko ikusten argudiatu du Alemaniak azken asteotan. Finantza sistema onbideratzeko 100.000 milioi euro arteko erreskatea onartua diote, eta diru gehiago jarri ahal izateko legebiltzarraren baimena beharko luke Alemaniak berriro. Atzo, Angela Merkel sostengatzen duten koalizioko ordezkariek jarrera aldatu, eta Espainiak nahi duen gisako erreskatea ontzat jo zuten, Bloomberg agentziaren arabera.
Balizko erreskatea gauzatzeko bideak mahaian izango dituzte Europako gobernuburuek, bihar eta etzi Bruselan egingo duten goi bileran. Batzarraren aurretik balizko erreskateari buruzko informazioek Espainiako burtsa %3,4 igoarazi zuten. Arrisku saria ere behera egin zuen, eta 420 punturen bueltan itxi zuen eguna. Goizean, 4.863 milioi euro saldu zituen Espainiako Altxorrak, 12 eta 18 hilabeterako letretan.
Diru gabeko erreskatea?
Espainia laguntza eskatzeko prest dago, baina soilik Europako Banku Zentralak zorra erosten hastea lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu