Diru gutxiago bilduko dute Ogasunek, Sozietate Zerga ustekabean ahuldu ondoren

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek aurreikusi baino 730 milioi euro gutxiago eskuratuko dituztela kalkulatu dute

Ivan Santamaria.
2008ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Motelaldi ekonomikoaren eraginak hasi dira nabaritzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoak. Asteartean, 2008 eta 2009 urteetarako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak murriztu zituen Eusko Jaurlaritzak. Atzo, berriz, aurtengo zerga bilketa iazkoa baino txikiagoa eta espero zen kopurutik urrun geratu dela iragarri zuen Finantzen Euskal Kontseiluak.

Zerga bilketari dagokionez, ogasunek zuhurtziaz jokatzeko ohitura izan dute. Hala, normalean aurreko urtean egindako aurreikuspenak aise gainditu dituzte. Aurreko bi urteetan, gainera, BPGaren hazkunde esanguratsuak lagun, ogasunek bildutako sosak %11 eta %9 handitu ziren, hurrenez hurren.

Baina aurten ez da gauza bera gertatuko. Idoia Zenarrutzabeitia lehendakariorde eta Ogasun sailburuarekin bildu ziren atzo Xabier Agirre, Jose Luis Bilbao eta Markel Olano, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Aurten, orotara, 13.550 milioi euroko bilketa egitea espero dute, iaz baino %1,6 gutxiago, eta duela urtebete aurreikusi zutena baino 731 milioi euro eskasagoa (%5,2 ).

Jaitsierarik adierazgarriena Sozietate Zergak izan du, ia %15. Nahiz eta tasa orokor apalagoa egon Araban eta Bizkaian (%28), ustekabeko atzeraldia izan dela onartu zuen Zenarrutzabeitiak. «Etekinak egon dira, baina ez tasa jaitsieraren eragina berdintzeko adina», argudiatu zuen. Balio Erantsiaren Zergan ere aurreikusitako diru bilketa ez da lortu, ia 330 milioi euroko aldearekin.

Enpleguek eta langileen soldatek arindu dute, neurri bateraino, Sozietate Zergaren eta BEZaren bilakaera eskasa. Hala, PFEZen bidez bildu den dirua ia %6 gehiago izan da, aurreikuspenak bi puntu gainditu ondotik. Kontuan hartu behar da zerga horren erreforma kontuetan islatu den lehenbiziko aldia izan dela.

Ondare zerga, desagertzear

Aurtengo gorabeherak ere igarriko dira datorren urtean. Edonola ere, aurtengo finantza baliabideen mailari eustea espero dute administrazioek. PFEZ zergaren bidez bildutako dirua gutxituko dela kalkulatu dute, dena den, 400 euroko kenkaria eta langabeziaren hazkundearen ondorioz. Era berean, urtea hasi orduko PFEZ atxikipen tauletan %2ko deflaktazioa egingo dute.

2009ko berritasunen artean, Ondare Zergaren etorkizuna dago. Zenarrutzabeitiaren arabera, «litekeena da» zerga hori desagertzea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Espainiako Gobernuak, bere azken erreforman, Ondare Zerga ezabatzea erabaki zuen. Neurriak eztabaida piztu du aldundien baitan, erakunde guztiek ez dutelako begi onez ikusten.

Datorren urtean Espainiari ordaindu beharreko kupoa ere kalkulatu dute Jaurlaritzak eta aldundiek. Kupo garbia 1.345 milioi eurokoa izango da, baina soilik 1.114 milioi ordaindu beharko dituzte, aurten parte bat aurreratu delako.

Bestalde, egokitzapen funtsetik 68 milioi jasoko ditu Gipuzkoak 2009ko bilketan, eta beste 56 milioi Arabako Foru Aldundiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.