Diru publikoa banku britainiarrentzat

Burtsa amiltzeak nazionalizazio plan bat aurkeztera behartu du Erresuma Batuko Gobernua

Iker Aranburu.
2008ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Gobernuak gaur iragarriko du 35.000 eta 50.000 milioi libera artean gastatuko dituela bankuak partzialki nazionalizatzeko.

Bankuek atzo Londresko Burtsan izan zuten egun beltzak behartu du Gordon Brown lehen ministroa larrialdiko neurriak hartzera. Herenegun, BBCk ziurtatu zuen banku nagusiek laguntza eskatu ziotela Alistair Darling Ekonomia ministroari beraien gastuei aurre egin ahal izateko. Bankuek ukatutako berri horrek kezka sortu zuen bankuen egoerari buruz, eta, ondorioz, HBOSek %41,54 galdu zuen, Royal Bank of Scotlandek %39,23, Lloyds TSBk %12,93 eta Barclaysek %9,24.

Gaur goizean zehaztuko ditu neurriak Brownek, burtsan sesioa hasi aurretik. Espero dute Londresek larri dabiltzan bankuetako akzioak erosiko dituela. Trukean, baliteke Gobernuak botoa lortzea bankuetako zuzendaritza organuetan eta finantza erakundeetako buruen soldatak mugatzea. Gainera, akzioek gora egiten dutenean, Gobernuak irabazien zati bat exijituko die.

Islandiako Gobernuak ere esku hartu behar izan du. Joan den astean Glitnir bankua nazionalizatu zuen -uharteko hirugarrena- eta atzo Landsbanki bigarrena ere bere kontrolpean hartu zuen. Gainera, 500 milioi euroko mailegua eman zion banku handienari, Kaupthingi.

Islandiako bankuak eta ekonomia osoa izugarri handitu dira azken urteotan, baina zorpetzeahain handia da sistema osoaren iraupenari buruzko kezka hedatu dela eta krona diruaren balioa amildu egin dela. Kronari eutsi ahal izateko, 4.000 milioi euroko laguntza eman dio Errusiak Islandiari.

AEBetan, berriz, Erreserba Federalak iragarri zuen enpresen bonuak erosiko dituela. Milaka enpresek jaulkitzen dituzte bonuak AEBetan, luze gabe behar duten finantzaketa ziurtatzeko. Azken hilabeteotan, ordea, gero eta inbertsiogile gutxiagok erosten dute enpresen zorra, eta konpainia asko oso estu dabiltza, bonuen bidez ordaindu ohi dituztelako soldatak.



AIGko buruek 440.000 dolar gastatu zituzten luxuzko oporraldian

Irailaren 17an, AEBetako Gobernuak 85.000 milioi dolarreko mailegua eman zion AIG aseguru etxeari, porrotetik salbatzeko. Astebete beranduago, irailaren 22an, AIGko buruek astebeteko egonaldia hasi zuten Kaliforniako luxuzko oporgune batean, Monarc Beacheko St Regisen. Ez zitzaien merke atera, 440.000 dolar xahutu zituzten eta.

Zehazki, 139.375 dolar pagatu zituen gelen truke, 147.301 dolar janaritan, 23.380 dolar bainuetxeko zerbitzuetan eta 6.939 dolar golf partidetan. AIGk jakinarazi duenez, «aspaldi» zeukan antolatua astebeteko egonaldia aseguru etxeko saltzaile independenteentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.