Etorkinak erakarri eta premiak asetzen ez dituelakoan, diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) erreformatu eta hiru urteren buruan kenduko du Gipuzkoak. Neurria berrikusteko txosten tekniko bat egin eta ondorioak aztertu ostean, DSBEaren bidea etetea erabaki du aldundiak, "erakartze efektuari" aurre egiteko. Bilduren esku zegoen aurreko diputazioak sortu zuen, 2012an, Eusko Legebiltzarrak diru sarrerak bermatzeko erreta jasotzeko baldintzak gogortu ostean. Lurraldearen arabera ez, laguntzak "modu homogeneoan" eman nahi dituela argudiatu du Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak. Gobernu kontseiluaren ondoren eman ditu azalpenak.
Peñaren hitzetan, DSBEak ez ditu hasierako helburuak bete: "Onuradunei ez diela gizarteratzen lagundu". Eta kezkagarriena: laguntza horrek "erakartze efektua" eragin duela lurraldean. Peñak ezinbestekotzat jo du errotik moztea: "Migrazio isuri artifiziala ekarri du Gipuzkoara. Errespetuz diot". Hau da, etorkinak espresuki joaten direla Gipuzkoara laguntza hori jasotzeko. DSBEa egungo parametroetan mantentzea "erantzukizunik gabe" jokatzea litzatekeela adierazi du, gainera: "Gizarteratze prozesuetan inbertsio bat egitea da helburua, ez dirua aurreztea". Hori bai, premian daudenak bazterrean uzteko asmorik ez duela argitu du diputatuak: "Ez dugu inor kunetan utziko. Baliabide publikoen erabilera eraginkorragoa egitea da asmoa. Testuinguru horretan bakarrik ulertu behar da aldaketa hau; ez dago bestelako arrazoirik".
"Askoz eskari gehiago"
Egun laguntza jasotzen dutenek aurrerantzean ere jasoko dutela ziurtatu du Peñak, betiere epemuga jakin batekin. Laguntza hori hiru urte barru desagertuko dela iragarri du Gizarte Politiketako diputatuak: 2018ko abenduaren 31n jasoko dute azkenekoz onuradunek, Eusko Jaurlaritzaren gutxieneko diru sarrerak bermatzeko laguntzara batu arte. Horretarako, baina, uztailaren 1aren aurretik egin beharko dute laguntza eskuratzeko eskaria. Adingabeak dituzten familiek, berriz, abenduaren 31ra arteko epea izango dute, baldin eta iazko abenduaren 31 baino lehen Gipuzkoan erroldatuta bazeuden.
Alegia, egun jasotzen dutenei ez dietela gizarteratze laguntza jasotzeko atea itxiko, baina 2016tik aurrera jaso nahi dutenei, bai: galdegiteko aukera ere ukatuko diete. Neurriak, oro har, aurreikusitakoa baino "askoz eskari gehiago" eragin dituela esplikatu du Peñak: "Eta horrek behar berriak sortu ditu hezkuntzan eta osasun arloan. Askotan zaila da horri modu egokian erantzutea". Herri zehatz batzuetan pilatzen ari direla ohartarazi du: gorakada, bereziki, Soraluze, Arrasate, Azkoitia, Eibar, Elgoibar eta Ordizian igarri dute. "Gipuzkoan soilik dago laguntza hau, eta ez dugu uharte bat izan nahi".
Gazteak, gizonak eta etorkinak
Gaur-gaurkoz, 1.422 lagunek jasotzen dute laguntza hori. Gehienak gizonezko gazteak dira, 25 eta 35 urte arteko etorkinak, eta familia zamarik gabeak. Batez beste, 706 euro kobratzen dituzte. Batik bat, afrikarrak (%44,2) eta asiarrak dira onuradunak (%37,6); lurraldeko etorkinen %33,3 izan arren, europarrak %9,5 dira, eta amerikarrak %8,6, etorkinen %37,6 badira ere. Aldundiak 11 milioi euro gastatzen ditu laguntza horretan.
Eta hemendik aurrera zer? "Gizarteratzea da gure helburua, eta beharrezkoak diren neurri berriak jarriko ditugu abian", adierazi du Peñak. Bide horretan, Elkar Ekin plana sortzen ari da diputazioa udalekin, eragileekin eta hirugarren sektoreko ordezkariekin lankidetzan. Hiru lan ildo xehatu ditu Peñak: muturreko bazterkeria alboratzeko prozesua martxan jartzea; egoitzetan eta eguneko zentroetan plaza gehiago jartzea eta horiek eskarira egokitzea; eta azkenik, trebakuntza eta enplegua sustatzea.