Eusko Legebiltzarrak atzera bota du diuru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak aldatzea. EH Bildu legebiltzar taldeak aurkeztutako lege proposamena eztabaidatu du gaur goizean ganberak. Gizarte laguntza nagusia jasotzeko betebeharrak leuntzea eskatzen zuen koalizioak. Hain zuzen ere, udalerri batean erroldatuta egon beharreko epea hiru urtetik urte batera jaistea proposatzen zuen, baina ez da onartu. EAJ, PSE-EE eta PPko legebiltzarkideek aurka bozkatu dute, eta UPDko legebiltzarkide bakarra abstenitu da.
Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legea pasa den legealdian erreformatu zen azken aldiz, Eusko Jaurlaritzaren agintea PSE-EEren eskuetan zegoela. Sozialistek eta popularrek diru sarrerak bermatzeko errenta - oinarrizko errenta ohia - eskuratzeko baldintzak gogortzea erabaki zuten. Tartean, errolda urteak igotzea. Halaber, errentaren onuradunek gizartearentzako lanak egin ahal izateko aukera jaso zuen moldaketak. Puntu hori ezabatzea ere eskatzen zuen EH Bilduren lege proposamenak.
Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du legeari egin zitzaizkion aldaketak "murriztaileak" direla, eta gaur egun 63.000 pertsonek errenta jasotzen dutela gogoratu du. Halaber, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bost biztanletik bat bazterketan erortzeko arriskuan dagoela salatu du. Arrondoren arabera, 5.000 lagunek galdu dute errenta jasotzeko aukera errolda urteak igo zirelako.
EAJren izenean, Amaia Arregik argudiatu du egin ziren aldaketen efektuak neurtzeko ez dela behar besteko denbora igaro, baina aldaketa batek orain gastua handituko lukeela adierazi du, gastu hori "erakundeen finantza egoerari egokitu" behar zaion egoeran. Aurreko legealdian baldintzak gogortzea bozkatu zenean jeltzaleak abstenitu ziren. Txaro Sarasua PSE-EEko legebiltzarkideak uste du ez dagoela "datu bat bera ere ez" errolda epea gizarteratzeko arazo bihurtu dela dioenik. PPko Laura Garridok, era berean, helburua "estaldurari eustea" izan behar dela aldarrikatu du, eta legea berriro egokitzea errefusatu du.