Akatsak onartuta, Greziari mailegua emateko prozesua bizkortu dute Europako Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak. Dirua lortu ahal izateko defizita are gehiago murrizteko neurriak iragarriko ditu aurki Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroak.Oso litekeena da BEZa eta bestezerga batzuk igotzea, langile publikoei aparteko bi soldata kentzea, eta sektore pribatuo soldatak eta pentsio guztiak izoztea.
«Ziur naiz elkarrizketak hurrengo egunotan amaituko direla», iragarri zuen atzo Olli Rehn Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak. Greziak zenbat diru jasoko duen ez dago garbi, baina bai, ordea, ez dela urte bakarreko kontua izango. Izan ere, hurrengo hiru urteotan 120.000 eta 135.000 milioi euro artean itzuli behar ditu Greziak, eta azken egunotan merkatuetan pagatzen duen interes tasarekin -%10 ingurukoa- ez zaio posible hainbeste diru lortzea.
Egoera okertu egin du Europako bazkideek otsailean agindutako laguntza oraindik ez ailegatu izanak. «Bi hilabete eta erdi eternitatea da honelako egoera batean, eta onartu egin behar dugu. Ez geunden prest halako krisi bati aurre egiteko», aitortu zuen atzo Joaquin Almunia EBko Lehiarako komisarioak.
EBren eta NDFren eskuetatik diru merkeagoa jasoko du Atenasek -%3,5 eta %5 artean-, baina trukean defizit publikoa oraingo %13,6tik %3ra jaisteko neurri gogorragoak hartu beharko ditu. Neurri horietako batzuk azaldu zizkien atzo Papandreuk patronalari eta sindikatuei. Azken horiek ez daude batere gustura orain arte hartutakoekin, eta kexu dira gastua «langile xumeen bizkar» murriztearekin. Ia egunero protestak daude -atzo unibertsitateko eta hezkuntza pribatuko irakasleek egin zuten greba-,eta hirugarren greba orokorra deitu dute datorren asteazkenerako.
Merkatuek ongi hartu dituzte azken orduotako iragarpenak eta Greziaren aurkako tentsioa arindu dute. Atenasko burtsa %7tik gora hazi zen.
Dirua lortzear dela, Greziak defizita gutxitzeko neurri gehiago hartu ditu
Papandreuk BEZa igo nahi du; aparteko bi sari kendu funtzionarioei, eta pentsioak eta soldatak izoztu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu