Babes sozialaren munduko joera politikoak 2010-2015 txostena ezagutzera eman du OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak, eta garbi utzi du mundu mailan helburu fiskalak beste ezeren gainetik jartzeko joerak, batetik, enpleguaren krisia areagotuko duela, eta, bestetik, gizarteetan gero eta pitzadura handiagoak sortuko dituzten desberdintasunak ere handituko direla. OITk Europa jarri du adibide gisa txostenaren ondorio horiek azaltzeko. "Helburu fiskalak betetzeko politikak pobrezia eta bazterketa soziala areagotzeko bide izan dira Europan. Gaur egun 123 milioi pertsonari eragiten die, Europako Batasunaren %24ri".
Txostenak argi dio gorabidean dauden herrialdeetan, baldin eta babes sozialean inbertitu ez badute, espero dela doikuntza neurriek "modu negatiboan eragitea milioika etxebizitzatan", lan eskaintza gutxiago eta okerrago pagatuak eskainiko direlako oro har. Gainera, OITk uste du elikagaien eta erregaien prezioak gora egingo dutela herrialde horietan, eta horrek zerbitzu publikoen eragina txikitu egingo duela.
Nazioarteko Diru Funtsaren azken aurreikuspenak baliatu ditu OITk bere txostena egiteko. 2010etik 2015erako babes sozialerako politikak aztertzen ditu lanak. Horren arabera, krisiaren lehen fasean, 2008tik 2009ra 50 bat herrialdek pizgarri fiskalak erabili zituzten, eta babes sozialak rol garrantzitsua izan zuen politika espantsibo horietan.
2010etik aurrera, ordea, gobernu askok helburu fiskalak lehenetsi zituzten, doikuntzen eta murrizketen bideari ekinez. 2015erako OITk uste du gastu publikoaren murrizketak goia joko duela herrialde askotan. NDFren arabera, 120 herrialderen barne produktu gordina uzkurtu egingo da, eta horietatik 86 gorabidean dauden herrialdeak izango dira.
Cameron: "Eurogunea dardarka dago"
Etorkizun hurbila beltzez marraztu duen beste bat Erresuma Batuko lehen ministro David Cameron izan da, baina orain arteko austeritatearekin jarraitzeko argumentu gisa. The Guardian-en argitaratutako elkarrizketa batean EBko premier-ak dio "ahalezko hirugarren atzeraldiaren aurrean dardarka" dagoela eurogunea. Cameronek uste du egoera "arriskutsua" dela eta "ezegonkortasuna eta egonezina" zabaldu direla Europan. Are gehiago, EBko lehen ministroaren arabera, orain sei urte lehertu zen krisiaren atarian piztu ziren "argi gorrien parekoak" piztu dira jadanik.
Egoera beltz hori "Erresuma Batuaren susperraldiarentzat mehatxua" dela dio Cameronek, eta beharrezkoa dela austeritate politikarekin jarraitzea. "Eurogunean hazkundearen gainbehera eta prezioen gainbehera egoteko arrisku handia dago; langabezia tasa handia da, gainera". Horrekin batera Erresuma Batuko lehen ministroak "desazelerazioa" ikusi du gorantz zihoazen hainbat merkatutan; "hazkundearen motor ziren krisiaren lehen aroan, eta orain moteltzen ari dira".