DOLARRAREN AMILTZEA. Zazpigarren egunez jarraian, euroak goreneko balioa lortu du

Interes tasa txikiak eta merkataritza defizit handiak beherantz bultzatzen dute dolarra, eta beste diruen aldean balioa galtzen ari da; Erresuma Batuko libera azken 11 urteotako gehienezko mailara iritsi da

Erredakzioa
2003ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Euroak maila historikoa lortu zuen atzo dolarraren aldean. Zazpigarren eguna jarraian zen Europako Batasuneko diru bakarrak goreneko balioa lortzen zuena dibisen merkatuan, eta adituei erreparatuz gero, ez da azkena izango.

EBZ Europako Banku Zentralak atzo arratsaldean emandako truke ofizialaren arabera, euro bakoitzak 1,2218 dolar balio ditu. Antzeko balioa eman zuen dibisa merkatuetan: 1,2202 New Yorken (goizean), 1,2238 Londresen eta 1,2211 Frankfurten. Azken sei asteotan, %7 indartu da euroa dolarraren aldean, %17 urtea hasi zenetik, eta %45 2000ko urrian behea jo zuenetik 0,82 dolar.Baina ez da euroa sendotu den bakarra. Libera esterlinak 1992ko urriaz geroztiko mailarik handiena lortu zuen dolarraren aldean: 1,7363 dolar libera bakoitzeko. Australiako dolarrak duela sei urteko maila lortu du, Suitzako liberak azken zazpi urtekoa, azken hiru urtekoa Japoniako yenak eta beste hainbeste gainerako dibisek.

Merkataritza defizita

Dolarraren jaitsierak lotura handia du billete berdearen errentagarritasunarekin. AEBetako interes tasek %1ean jarraitzen dute eta 2004 erdira arte hala ez jarraitzea ustekabea izango litzateke, eta dolarrak, berriz, ez du galdutakoa berreskuratuko. AEBetako diruak eta dibisa horretan kotizatzen diren finantza aktiboek oso mozkin txikiak ematen dituzte, eta gero eta inbertsiogile gehiagok jotzen dute beste merkatuetara irabazi bila, AEBetan eta handik kanpo.

AEBetako merkataritza defizitak ere zeresan handia du dolarraren ahultzean. Estatu Batuek esportatzen duten baino askoz gehiago inportatzen dute, eta dolarretan ordaintzen dute. Orain arte, merkataritza zulo hori kanpoko inbertsiogileek betetzen zuten, eskuratutako dolarrekin AEBetako aktiboetan inbertitzen baitzuten. Azkenaldian, ordea, dolar horiek saltzen ari dira, eta era horretara are beherago bultzatzen ari dira diru berdea. Nolanahi ere, dolarraren ahultzearen neurriak adituak txunditu ditu. Duela bi aste, Barclays Bank-eko analistek ziurtatu zuten euroak hiru hilabete beharko zituela 1,22 dolarretara iristeko, eta 15 egun nahikoak izan zaizkio. Orain, 1,30 dolar da jomuga, eta 2004ko erdialdera-edo helduko dela uste dute. Orain arte EBZk lasai erantzun dio bere diruaren indartzeari, nahiz eta euro garestiak esportazioak gutxituko dituen, eta, horrekin batera, EBko hazkuntza tasa moteldu. Urtea amaitu bitartean aldaketa handiak gerta daitezke dibisa merkatuetan, banku zentral guztiak beren erreserbak orekatzeari ekiten baitiote. Erreserba horietan gero eta indar gutxiago du dolarrak: dibisa erreserben %67,5 ziren 2001ean, %64,5 2002an, eta hortik behera orain.

-

AEB-ETAKO ERRESERBA FEDERALA



Interes tasan aldaketarik ez, baina hizkeran agian bai



Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalaren zuzendaritzak gaurko bilera egin ondoren kaleratuko den agiria jasotzen dutenean, kazetariek eta adituek arreta handiagoa jarriko diote hizkerari edozein erabaki berriri baino. Izan ere, inork ez du espero interes tasa aldatzea, eta, hortaz, %1ean jarraituko du mailarik txikiena II. Mundu Gerraz geroztik. Tasa hori ekonomia suspertzeko jarri zuen Erreserba Federalak, eta, azkenean, emaitza ona eman du: ekonomia %8,2 hazi zen azken hiruhilekoan, eta datorren urte osoan %4tik hurbil egongo da. Hala ere, langabeziaren eta inflazioaren datuek zuhur jokatzera behartu dituzte Fed-eko buruak: deflazioaren arriskua ez da oraindik desagertu prezioak oso gutxi igotzen ari dira eta langabeen kopurua oso motelki ari da gutxitzen 57.000 enplegu gehiago azaroan. Hortaz, litekeena da Erreserba Federalak hilabete batzuk gehiago itxarotea, orain arteko politikak aldaera ekonomiko guztiak bide onean jarri arte.

Haatik, hizkeran aldaketak izango dira agian. Orain arte, tasa txikia «luzerako» izango zela esan du Fed-ek, baina aditu batzuek uste dute ohar hori albo batera utziko dutela, eta etorkizun hurbilean tasaren igoera iradokiko dutela, inflazioa ezustean haz ez dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.