Donibane Lohizuneko portuan arraina zuzenean saldu ahal izango da aurrerantzean ere, Paueko Auzitegiak gaur atzera bota baitu Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak Logicoop arrantzaleen kooperatibaren eta hiru arrantzaleren aurka jarritako salaketa. Arraina saltzeko mahaiak "baimenik gabe" izateagatik "legez kanpoko salmenta" egitea leporatzen die Kontseilu Nagusiak, baina epaileak ez dio arrazoirik eman.
2009 hasieran hasi ziren arrantzaleak zuzenean saltzen, eta ordutik bigarren auzia izan dute hau. Hasieran maioristei saltzen zieten gune zaharrean instalatu ziren, etaMIG Merkataritza eta Industria Ganberak auzitegira jo zuen, "gunea ilegalki okupatzeagatik". Logicoop kooperatibak 3.700 euroko isuna ordaindu behar izan zuen, eta epaituriko ontzien jabeek 300-450 euro artekoa. Hortik mugitu eta portuan kokatu ziren iazko abenduan, karpa baten azpian.
Colbert legearen berri eman diete arrantzaleek epaileari. Hain zuzen, lege horrek dio portuan mozkinen saltzeko eskubidea dutela arrantzaleek. Maioristei saldutako arrainaren prezioa "ez denez bizigarria", salmenta zuzena "ezinbestekoa" dutela adierazi dute auziperatuek. Joan den astean, kasu, hegaluzearen kilo bat 0,80 eurotan erosi bazieten maioristek, eurek zuzenean hiru eurotan saldu zuten.
Gainera, ordaindu beharreko zerga guztiak pagatzen dituztela gogoratu dute arrantzaleek.
ekoNOMIA
Donibane Lohizuneko portuan arraina zuzenean saltzen segitu ahalko dute arrantzaleek
Paueko Auzitegiak atzera bota du Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiaren salaketa. Honek "legez kanpoko salmenta" egitea egozten zien. 2009 hasieran ekin zioten arraina zuzenean saltzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu