Uda amaituta langabezia igo egin den arren, lan erregulazio kopurua ez dela igo nabarmendu zuen atzo Pedro Rodriguez Euskadiko CCOOko industria federazioko idazkariak. Aurkeztutako dosierren kopurua gutxitu izana «itxaropentsua» dela iritzi zion Rodriguezek, baina, era berean, erregulazioen bolada berria «enplegu egonkorra suntsitzen» hasi dela ohartarazi zuen.
Euskadiko CCOOk industria sektoreko 250 ordezkari inguru bildu zituen Bilbon, krisialdiaren inguruan eztabaidatu eta, ondoren, Cebek patronalaren aurrean elkarretaratzea egiteko.
Urte hasieratik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 125.000 lanpostu galdu direla azaldu zuen Rodriguezek, eta horietatik heren bat industria sektorekoak direla gaineratu zuen. Sindikatuaren arabera, «behin-behineko enplegu prekarioa suntsitu duen erregulazioen lehen fasea bukatuta, bigarren fasea dator», lanpostu finkoei eragingo diena. Horren harira, urte hasieran galdutako enplegu finkoa guztiaren %3 zen, eta iraileko datua %12koa dela nabarmendu zuen.
Hori ikusita, aurkeztutako erregulazioak aztertu eta onartzeko orduan «zorrotza» izateko eskatu zion berriz Eusko Jaurlaritzari. Enpleguaren aldeko «apustu garbia» egiten ez duten dosierrek, halaber, Euskadiko CCOO aurrean izango dutela ziurtatu zuen Rodriguezek.
Hitzarmenak lanabes
Atzoko protestan lan hitzarmenak ere izan zituen hizpide industriako ordezkariak. Lurraldeko hitzarmenak, esan zuenez, «krisiak ekarritako arazoak konpontzeko lanabes» dira. Sindikatuak, alabaina, agindutako soldata igoerak betetzen ez dituzten indarreko itunen berri izan du.
Maribel Ballesteros UGT-Euskadiko ordezkariak, bestalde, Gipuzkoako 7.327 langileri eragiten dieten zortzi hitzarmen desagertzeko zorian daudela salatu zuen. Negoziazioak urte luzez hautsita egotearen errua gehiengoa duten sindikatuei eta patronalari leporatu zien. Altzariak, beira, edaria, zeramika eta egurraren itunak daude arriskuan, besteak beste.
Dosier bolada berriak lan finkoak galaraziko dituela dio CCOOk
Gipuzkoako 7.300 langileren hitzarmenak berritu ezean desagertu egin daitezkeela salatu du UGT-Euskadik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu