Draghik «edozer» egingo duela esateak merkatuak lasaitu ditu

Europako Banku Zentraleko presidenteak zehaztu gabeko ekintzak prometitzeak 50 puntu jaitsi ditu arrisku sariakZorra berriro erosten hastea edo ESMren bidez bideratzea daude aukeren artean

Iker Aranburu.
2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Profeta baten hitzak balira bezala hartu dituzte finantza merkatuek Mario Draghiren promesak. Europako Banku Zentralak euroa salbatzeko «beharrezkoa den edozer» egiteko prest dagoela esan, eta automatikoki jaitsiera izugarria izan dute Espainiaren eta Italiaren arrisku sariek. «Sinis iezadazue, nahikoa izango da», gaineratu du Draghik. Zer egingo duen ez du argitu, baina bi dira aukerarik handiena duten hipotesiak: berriro bi herrialde horien zorra erosten hastea, edo ESM erreskate funts iraunkorrari banku baimena eman, eta haren bidez finantzatzea merkatuetan ezinezko interesak pagatu behar dituzten euroguneko kideak .

Espainiaren arrisku saria 50 puntu jaitsi zen, 561 punturaino; 45 puntu, berriz, Italiarena, 474 punturaino. Draghiren hitzak berandu etorri ziren Italiako Altxorrarentzat, goizean 2.500 milioiren bonuen truke azaroaz geroztik interesik handienak pagatu behar izan zituen eta.

Burtsen igoerak ere ikusgarriak izan ziren, Espainian eta Italian batez ere. Madrilgo Ibexek azken 26 hilabeteotako igoerarik handiena izan zuen, %6,06koa, besteak beste Gamesa bizkaitarraren %20ko igoerak bultzatuta. Milango Mib indizea %5,62 igo zen eta maila apalagoan euroguneko besteak ere. Euroak ere azken asteotan galdutako balioaren zati bat berreskuratu zuen dolarraren aldean.

Atzokoarekin bi egun dira segidan EBZko kideen iradokizunek merkatuak baretu dituztela. Herenegun, Ewald Nowitny Austriako Bankuko gobernadore eta EBZko kontseiluko kideak esan zuen prest zeudela aztertzeko ESMren eskumen gehiago emateko proposamena. Hori bai, baztertu egin zuen Espainiaren eta Italiaren zorra zuzenean erosteko aukera. Hemeretzi aste daramatza EBZk inbertitzaileei zorra erosi gabe. Eta, praktikan, denbora hori daramate Madril eta Erroma presio egiten programa berriro martxan jar dezan, ikusten dutelako beste ezerk ez dituela haiek pagatu beharreko interesak jaisten. Euroguneak Espainiako bankuei 100.000 milioi euro arteko erreskatea agintzeak edo erreskate funtsak indartzeko hartutako agintariek ere ez dute merkatuen ezkortasuna txikitu.

Espainiaren eta Italiaren laguntza eskaerari Frantzia batu zaiei, nahiz eta Alemania ez haserretzearren, Parisek ez dion EBZri mezurik igorri nahi izan. Horren ordez, Pierre Moscovici Finantza ministroak eskatu die euroguneko kideei bizkorrago indarrean jartzeko ekaineko goi bileraren neurriak: «Uda oso garai baliagarria da eurogunearen krisiaren irtenbidean lan egiteko». Uda garai ona izaten da merkatuetan tentsioa areagotzeko ere, operazio gutxi batzuek gorabehera handiak eragiten dituztelako. Iazko abuztuan hasi zen Italiaren eta Espainiaren zorraren aurkako erasoa.

Troikako kideak Grezian

Greziara ere begira ari dira EBZ eta EB. Batetik, Die Welt Alemaniako egunkariak kaleratu du banku zentrala prest dagoela bere kutxetan duen Greziako zor publikoaren truke interesik ez jasotzeko. 15.000 milioi euro aurrez ditzake horrela Atenasek. Bestetik, troikako kideak Grezian daude orain, hango kontu publikoak aztertzen. Koalizio gobernuak erreskatearen baldintzak bigundu nahian dabil, baina aurretik hitzemandakoak bete egin beharko dituela esan die, aurrez aurre, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.