Herenegun Nazioarteko Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Egunean sindikatuek protestak egin bazituzten ere, egun bat baino ez da behar izan egoerak berdin jarraitzen duela ikusteko. Atzo, beste langile bat hil zen. Duela hilabete Gajanon (Kantabria, Espainia) izandako istripuan larri zauritu zen, eta azkenean hil egin da, Gurutzetako ospitalean, Barakaldon.
Euskadiko CCOOk eman du istripuaren berri. Sindikatuak adierazi duenez, Bizkaiko Nervion Montaje y Mantenimiento enpresan egiten zuen lan, baina orduan kautxu sintetikoak egiten dituen Dynasol enpresan ari zen konponketa lanetan. Hain justu, martxoaren 26an izan zuen istripua, produktu kimikoak nahasten diren biltegi batek eztanda egin zuenean. Harekin batera lankide bat ere zauritu zen.
CCOOren arabera, erregailu eta erradial batekin soldatze lanak egiten ari ziren, eta zati zaharrak kendu eta txapa berriak jartzen. Halako batean, hainbat leherketa izan ziren biltegian, eta bi langileak bete-betean harrapatu zituzten. Horrek kolpe eta erredura larriak eragin zizkien biei. Beste langileak oraindik larri jarraitzen duela azaldu du CCOOk.
Beste bi lan istripu ere salatu ditu sindikatuak. Larriena astelehenean gertatu zen, Zaratamon (Bizkaia). 50 urteko langile bat (T.H.) larri zauritu zen, hiru tonako pieza bat gainera erorita. Oraindik nondik norakoak argitu gabe dauden arren, pieza hori lotuta zegoela azaldu du CCOOk. Langileak kokzixa, ukalondoa eta hiru saihets hezur hautsita dauzka. Horietako batek birika zulatu zion, eta odol asko galdu zuen. Buruan ere traumatismoa dauka.
Beste istripua Trapagaranen izan zen atzo. Babcock Powerreko langile bati hiru behatz erauzi behar izan zizkioten istripuaren ondorioz. Kasu guztietan legeak zehaztutako prebentzio neurriak ez direla bete salatu du CCOOk.
LABek eginiko zenbaketaren arabera, urtea hasi denetik 22 langile hil dira. Sindikatuak Euskal Herrian gertatutako lan istripuak kontatzen ditu, baina atzo hil zen langilea batuta, 23 dira guztira lanean hildakoak.
Formaldehidoa, Donostian
ELAk jakinarazi duenez, autopsia laguntzaile bati behar baino formaldehido kontzentrazio handiagoa aurkitu diote Donostiako Auzi Medikuntza Institutuan. Horrenbestez, dagoeneko bost dira minbiziarekin lotutako sustantzia horrek kutsatutako langileak.
Beste lau kasuak Bilboko Auzi Medikuntza Institutuak atzeman ditu. Horietako hiru ere autopsia laguntzaile lanetan ibiltzen ziren, eta bestea, berriz, laborategiko teknikaria zen. ELAk ohartarazi du horiez gain kasu gehiago ere egon daitezkeela.
Formaldehidoaren antzera, amiantoak ere minbizia eragiten du. Atzo, EAEko Amiantoaren Biktimen Elkarteak (Asviamie) salatu zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren «pasibotasuna onartezina» dela. Elkarteak dioenez, material horrekin lotutako gaixotasun profesionalak «isilarazi» nahi ditu. Hala, konpromiso gehiago hartzeko eskatu dio.
Duela hilabete lan istripuan zauritu zirenetako bat hil da Gurutzetako ospitalean
Biltegi batean izandako leherketa batean larri zauritu zen, eta harekin batera beste lankide bat ere zauritu zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu