EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Celsa Atlanticeko ——Laminaciones Arregui zen lehen— enplegua erregulatzeko txostena. Enpresako zuzendaritzak aurkeztu zuen dosierra, eta auzitegiak ez du bidezkotzat jo.
Araban dituen bi lantegiak —Gasteizen eta Urbinan— itxi eta langile guztiak kaleratzeko asmoa du Celsa Atlanticek. Hori dela eta, langile batzordeak dosierra baliogabetzat jotzeko eskatu zuen, txostenak ez dituelakoan biltzen enpresa ixteko "zergati ekonomikoak eta ekoizpenari lotutakoak". Langileek bazuten itxaropena epaileak dosierra atzera botako zuela, antzeko kasu batean ere hala egin zuelako.
Orain arte kaleratu dituzten 178 langileetatik gehienak "zuzendaritzaren asmoen aurka" egiten duten sindikatuetakoak dira, langile batzordeak esan duenez, eta horren aurka salaketa jarria dute.
Celsa Atlanticeko langileek ia bost hilabete daramatzate greban, negoziatzeko aukerari ateak irekita. Langile batzordeak jakinarazi du irailaren 5ean fax bat bidali ziola zuzendaritzari, negoziaziorako mintzaideak alda ditzala eskatzeko.
Arabako enpresa historikoetako bat da Laminaciones Arregui. 1958an sortu zen, eta, harrezkero, metalezko hodiak nahiz zumitzak ekoizten ditu. 1996tik Celsa taldearen eskuetan dago Bartzelonan egoitza duen konpainia hori. Euskal Herrian presentzia esanguratsua du Celsak. Alde batetik, Bizkaian Trapagarango Nervacero lantokiaren jabea da. Bestetik, Acierie de L'Atlantique altzairutegia du Baionan, 260 langilerekin.