EAEko ekonomia erortzen hasi zen iazko azken txanpan

Atzeraldi teknikoan sartzea «ehuneko batzuen kontua» izango da; Jaurlaritzak ez du beteko 2011. urterako defizit helburuaAldundiak zergak igotzera behartzeko bideen bila ari da Lopezen gobernua

Carlos Agirre Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua. JUANAN RUIZ / ARP.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Atzeraldiaren ertzean, berriro. 2011. urteko azken hiruhilekoan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak atzera egin zuela aurreratu zuen atzo Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Azken datu makroekonomikoak txarrak dira, eta EAE atzeraldi teknikoan eroriko den edo ez «ehuneko batzuen kontua» izango dela aitortu zuen. Bi hiruhileko jarraian erori behar du ekonomia batek atzeraldian sartzeko.

Barne produktu gordinak iaz izan zuen itxierari buruzko lehen kalkuluak argitaratu ditu gaur Ogasun Sailak. Hala ere, zenbait datu aurreratu zituen atzo Agirrek, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldiaren helburua erakundeen arteko bikoizketei buruz aritzea bazen ere. Urte osoan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hazkundea «asko jota %0,7» izango dela zehaztu zuen sailburuak. Lopezen gobernuak egindako azken aurreikuspena %0,8 zen.

Jardueraren gainbeherak abiadura hartu zuen joan den urteko bigarren erdian. Hain zuzen ere, azken hiruhilekoan BPGak %0,4 egin zuen atzera, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz. Oraindik hilabete falta da Eustatek kalkulu ofiziala argitaratzeko, baina egiaztatuko balitz, lehen hazkunde negatiboa litzateke 2009. urteko udazkenetik, eta ordudanik izandako susperraldi arina lurperatuko luke. Besteak beste, industria produkzioaren eta gizarte segurantzaren azken emaitzak «oso txarrak» izan dira, Agirreren hitzetan.

2012. urterako itxaropena urteko bigarren partean jarri du gobernuak. «Sei hilabete barru egoerak hobera egingo duela dirudi. Urteko bigarren hiruhilekoan joera aldaketa bat sumatzen da, ikusiko dugu zein neurrikoa», adierazi zuen sailburuak. Edonola ere, ezarritako aurreikuspenak berriro ere hankaz gora jarriko ditu egoerak. Urte osoan %1,4 haztea zen Jaurlaritzaren helburua, baina orain urteko azken hilabeteetan %1era baino ez litzateke iritsiko. Orain arteko aurreikuspenekin 2.900 lanpostu garbi sortzea espero zuen gobernuak.

Ekonomiaren ahuleziak administrazio publikoen kontuetan izango duen eraginaz ere mintzatu zen sailburua, eta argi utzi zuen Espainiako Gobernuari hitz emandako murrizketa ez dela gauzatuko. «Urtea nola joan den ikusita, pentsaezina zen defizita %1,3ra mugatzea». Irailera arte %0,6ko superabita jakinarazi zuen Lopezen gobernuak, baina urteko azken hilabeteetarako zintzilik utzitako ordainketek buelta eman diote egoerari.

Zerga bilketa eskasari, estatuko kontularitzarekin dagoen bateragarritasun faltari eta Espainiako Gobernuarekin dauden finantza harremanei egotzi zien Agirrek desbideratzea. Kupoa kitatzeari buruz Espainiako Gobernuarekin martxan dagoen gatazkaren neurria ere aipatu zuen: 138 milioi ordaindu gabe utzi ditu Madrilek BEZaren eta zerga berezien azken egokitzapenean.

Diru sarrera gehiagoren bila

Legebiltzarrean egindako agerraldia, batez ere, EAEko administrazioen arteko eskumen eta finantza baliabideen banaketa auzitan jartzeko baliatu zuen Agirrek. Gastu eta ardura gehien duen erakundeak, Jaurlaritzak, diru sarrerak nola arautzen diren erabakitzeko eskumenik ez izatea «anakronismoa» dela ziurtatu zuen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek dute zerga sistemaren ardura.

Egitura horrekin Jaurlaritza «itotzeko» arriskua dagoela ohartarazi zuen. Egungo egoera zerga batzuk igotzeari buruzko eztabaidaren barnean txertatu zuen bete-betean. «Baten bat ari da esaten zerga batzuk ez direla igo behar, baina nik atzera begiratu eta hor ikusten ditut osasuna eta hezkuntza». Gastu batzuk —«sozialenak»— lehentasuna izan behar dutela aldarrikatu zuen, eskumena norena den axola gabe.

Patxi Lopez lehendakariak eta PSE-EEk zerga sisteman aldaketak egitea eskatu izan dute. Maiz, argudio kontrajarriak egon dira. PSE-EEk errenta handiei zergak are gehiago igotzea trabatu zuen Gipuzkoan, eta errenta zergan Espainiarako PPk egin duen igoera kritikatu izan du Lopezek.

Aldundiek baztertu dute Madrilen egindako aldaketak Araba, Bizkai eta Gipuzkoara ekartzeko aukera. Nafarroak, berriz, erreforma bat egingo du, baina «progresiboagoa eta txikiagoa» izango dela ziurtatu du.

Jaurlaritza, hala ere, aldundiak aintzat hartu gabe diru sarrerak handitzeko bideen bila ari da. Azken ideia zerga batzuei gainordaina ezartzea litzateke, 1983ko uholdeei aurre egiteko egin zena lehen eta azken aldiz. Gainordain hori proposatzeko legea egin dezake exekutiboak, baina azken erabakia Eusko Legebiltzarraren eskuetan legoke. Hots, ganberan ez duen gehiengo osoa beharko luke PSE-EEk. Bazkide politiko nagusi PPren babesa ez du erraz lortuko. Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi popularrak zerga sisteman edozein aldaketa egitea errefusatu zuen atzo. Bizkaian EAJk gauza bera egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.