Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ez direla atzeraldi ekonomikoan eroriko errepikatu du krisia okertzen hasi zenetik Eusko Jaurlaritzak. Tesi horri heldu zion atzo berriro ere Idoia Zenarrutzabeitia lehendakariordeak, baina oraingo honetan atzeraldi arriskua ez da teorikoa, baizik eta erreala, 2008. urteko azken hiruhilekoan %1,1 egin zuelako atzera EAEko ekonomiak, aurreko hiruhilabetearekin alderatuz gero.
Definiziorik hedatuenak dio atzeraldi ekonomikoa izateko Barne Produktu Gordinak (BPG) atzera egin behar duela gutxienez bi hiruhilabetez jarraian. Hortaz, EAEko ekonomia mugan dago, aurten martxoa amaitu arte zer gertatuko den zain. Hala eta guztiz ere, lehendakariordeak berretsi du ez duela beste hazkunde negatiborik espero, eta hainbat datu erabili ditu baieztapena oinarritzeko.
Hipoteka berriak eta eraikuntzako baimenak handitu dira urtarrilean, eta ibilgailuen matrikulazioa abenduan baino gutxiago jaitsi da. Hortaz, Zenarru- tzabeitiak ziurtatu du aurreko hilabeteetan gertatu den jardueraren uzkurdura «arintzen» ari dela. Ondorioz, atzeraldi arriskua ez dagoela ziurtatu zuen: «Datuak eskuetan, 2009an ez dugu bi hiruhilabetez jarraian hazkunde negatiborik izango».
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia aurten %0,5 handituko dela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak duela hilabete bat. Besteak beste, aurreikuspen hori egiteko orduan dagoeneko 2008. urteko azken hiruhilekoa eskasa izango zela aintzat hartu zuten. EAEn izan ezik, inguruko ekonomia gehienek dagoeneko onartu dute aurten atzeraldia izango dutela ez bakarrik bolada batez, baizik eta urte osorako.
Edonola ere, 2008. urteko azken emaitzak ezusteko desatsegina izan dira gobernuarentzat. Aldez aurretik agertoki makroekonomikoaren gainbeherak hazkunde negatiboa eragingo zuela espero zuten, baina uste baino «bortitzagoa» izan dela onartu zuen lehendakariordeak. Hain zuzen ere, %0,6 atzera egitea zen aurreikuspena, eta ia halako bi -%1,1- izan dela agerian utzi du Eustaten azterketak. Jaurlaritzaren ustez, krisiaren eraginetako batzuk denboran aurreratu direla da horren arrazoia.
Azken hiruhilekoan egondakouzkurduraren atzean hiru elementu egon ziren. Alde batetik, industria sektoreak urte arteko hazkunde negatibo esanguratsua izan zuen (-%2,8). Bigarrenik, inbertsioaren gainbehera azkartu da, eta, azkenik, kontsumo pribatuak atzera egin zuen, lehen aldiz urte askoren buruan.
2008ko azken hilabeteetako emaitzek krisi globalaren sakontasuna agerian utzi dute, Zenarrutzabeitiaren irudiko. Hala, ohartarazi zuen, batez beste, EBn eta Eurogunean, %1,5 atzera egin zuela BPGak, eta Espainian nahiz AEBetan, %1.
Urteko hazkundea, %2
Kolpeak ere urteko hazkunde orokorra murriztu du. Duela hilabete bat gobernuak 2008. urteko hazkundea %2,2 izango zela aurreratu zuen, baina, atzo, %2ra murriztu zuten Eustatek. Hori bai, Nafarroako, Espainiako, Frantziako eta Europako hazkundeen gainetik.
EAEko ekonomiak krisiaren enbatari beste herrialde batzuk baino hobeto eutsi diola ziurtatu zuen Zenarrutzabeitiak, eta, hori dela eta, efektuak «gutxiago» nabaritzen direla. Egoera baretzen denean ere hazkunde erritmo bizia hartzeko prest dagoela azaldu zuen. Eustaten datuek krisiaren inguruan EAE ez dela «irla bat» agerian utzi dutela ohartarazi zuen UGT sindikatuak.
EAEko ekonomiak atzera egin zuen 2008. urteko azken hiruhilekoan
Hiruhilabete honetarako Eusko Jaurlaritzak ez du espero hazkunde negatiborik, eta, ondorioz, atzeraldi teknikoan sartzerik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu