EAEko enpresen %6k baino ez dute enplegua sortuko 2009an, Ganberen arabera

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %0,7 haziko dela aurreikusi dute datorren urterako

Mikel Carramiñana.
2008ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Zerbitzuetan izan ezik, gainerako sektoreek lanpostu berriak sortzeari utziko diote datorren urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Ganberak, hiru lurraldeetako merkataritza ganberak biltzen dituen erakundeak zabaldutako datuen arabera, ehun enpresatik seik bakarrik aurreikusi dute enplegua sortzea 2009an; 2008an, %25 ziren, eta, 2007an, %49. Jose Maria Etxarri Gipuzkoako Merkataritza Ganberako presidenteak esan zuenez, krisialdi ekonomikoak, dagoeneko, «eragina» dauka lan merkatuan eta «etorkizuneko egoeraren gaineko alerta» azaltzen du.

EAEko merkataritza ganberetako hiru presidenteek agerraldia egin zuten atzo, Bilbon, aurtengo jarduera ekonomikoaren gaineko hausnarketa egin eta datorren urteari begirako aurreikuspenak emateko. Eusko Ganberak egindako ikerketen arabera, ekonomiaren hazkundeak «azkenaldiko motelaldiari eutsiko dio» eta %0,7koa izango da 2009rako, «2008an baino %1,4 gutxiago», Etxarrik azaldu zuenez.

Euskal enpresaburuei egindako galdeketen arabera, datorren urtean enpresen %17k bakarrik izango dituzte mozkinak, «aurtengoen erdiek eta laurden bat,iazko datuekin alderatuz». Datuak, «txarrak izanda ere, Eurogunekoak eta Espainiakoak baino hobeak» direla nabarmendu zuen Etxarrik.

Azaldu zutenez, krisialdi ekonomikoak sektore guztiak joko ditu, baina eraikuntzak izango du atzeraldirik nabarmenena. Industriak ere pairatuko du krisiaren eragina, salmentak jaitsiko baitira kanpoko zein barruko merkatuetan. Ganberen txostenak jasotzen duenez, industria sektoreko enpresaburuen konfiantza -2tik -49ra igaro da joan den urtetik 2008ko urrira bitarte.

Bestalde, inbertsioetan ere eragingo du egoera ekonomikoak, %6 jaitsiko baita sektore guztietan, «1994. urtetik gaur arte izan dugun daturik txarrena».

Ganberen proposamenak

Aurreikuspenak egin eta emaitzak bildu ez ezik, Eusko Ganberek egoera ekonomikoa gainditzeko hamar puntuko proposamena aurkeztu zuten atzoko agerraldian. Ignacio Etxeberria Bilboko Merkataritza Ganberako presidenteak «enpresaburuababesteko garaia» dela azaldu zuen, eta, lehenengo eta behin, enpresa txiki eta ertainak finantzatzea «ezinbestekoa» dela esan zuen. Horren harira, Roman Knorr Arabako Merkataritza Ganberako presidenteak administrazioak emandako laguntzak «laster enpresen eta familien eskuetara helduko diren konfiantza» baduela adierazi zuen.

Lan merkatuari dagokionez, «malgutasuna» eskatu zuen Etxeberriak, «egungo kontratu ereduek enpresen beharrizanei erantzuten ez dietelako». Horrez gain, «gehiegizko lan absentismorekin amaitu beharra» dagoela azpimarratu zuen. Enpresak indartzeko bestelako proposamenak plazaratu zituzten, hala nola sozietate zerga edota enpleguaren gaineko zergak murriztea, zerbitzu publikoak enpresa pribatuen esku uztea, trebakuntza hobetzea eta energia hornikuntza merkea bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.