Bigarren hiruhilekoz jarraian, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek gehiago saldu dute atzerrian. Eustatek emandako datuen arabera, esportazioak %2,7 igo dira aurtengo hirugarren hiruhilekoan —iazko epe berarekin konparatuta—. Guztira 4.882 milioiko balio duten salmentak egin dituzte, 2012an baino 130 milioi gehiagokoak hain zuzen.
Hiru herrialdeetan gehitu dira: Araban %4,9, Bizkaian %3,2 eta Gipuzkoan %0,4. Batez ere Europako Batasuneko herrialdeetara saltzen dute enpresek, produktuen %61,2 hain zuzen. Uztailetik urrira bitartean, Herbeheretara (%54,9), Alemaniara (%8,2) eta Belgikara (%6,2) egindako esportazioak handitu dira gehien. Halare, kontinente zaharretik kanpoko herrialde batzuetara egindako salmentak ere asko handitu dira: Txinara (%52,5), Singapurrera (%58,7) eta Brasilera (%9,5) esaterako.
Produktuka, gehiago esportatu direnen artean porlan eta beirazko materiala (%53,5), produktu mineralak (%16,3) eta material elektrikoa (%8,3) daude. Aitzitik, plastikoa eta kautxoa (-%18) eta metalak eta haien manufakturak (-%3,5) gutxiago esportatu dira.