Euskal Autonomia Erkidegoko industria jarduera %4 handitu zen iaz: %4,6 Gipuzkoan, %4,5 Bizkaian eta %2 Araban. EAEko industria %4 eta gehiago igo da azken hiru urteetan, Eustatek 2007ko Industriako Kontuen Aurrerapenean emandako datuen arabera.
Langile kopuruari dagokionez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriak 8.000 lanpostu garbi sortu zituen iaz, 2006an baino %3,3 gehiago. Iaz 259.000 lanpostu zeuden industrian, 1984ko kopuru bera, Eustatek zehaztu duenez.
Industriako sektore batzuen balio erantsiaren hazkunde tasa %4tik gora igo zen iaz 2006arekin alderatuz gero: edizioarena eta arte grafikoena %11,1, material elektrikoena %9,3, metalgintzarena eta metalezko artikuluena %7,1, makineriarena %6 eta zurgintzarena %5,7. Beste sektore batzuek, aldiz, jaitsiera izan zuten: larrugintzak eta oinetakogintzak %14,9koa, kimika industriak %4,6koa, energia elektrikoak, gasak eta urak %1,9koa, elikagai industriak %0,9koa eta petrolio fintzeak %0,1ekoa.
Prezioak %6,4 gora
Industriako prezioak batez beste %6,4 garestitu dira iazko uztailetik aurtengora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eustatek jakinarazi duenez. Aurtengo ekainetik uztailera prezio horiek batez beste %0,4 igo dira. Hala ere, prezioen hazkundea handiagoa izan da industriako zenbait ataletan, energiari lotutakoetan batez ere: energia elektrikoaren, gasaren eta uraren prezioak %4,4 garestitu dira hilabete bakarrean.
Industriako prezioen urte arteko garestitzeari dagokionez, prezioen hazkunderik handienak ere energia arloetan gertatu dira, petrolioaren garestitzearen ondorioz. Hona hemen prezioen hazkundeak, arloz arlo: petrolioaren birfinketan %17,6, energia elektrikoan, gasean eta uretan %16,7, mineral metalikoetan eta ez metalikoetan %15,3, bestelako manufaktura industrietan %7,7 eta elikagaien industrian %6,6. Prezioen jaitsierak edo hazkunde apalagoak izan dira, berriz, beste sektore batzuetan: papera, edizioa eta arte grafikoetan %1,3, ehungintzan eta jantzigintzan %1,5, garraio materialean %1,6, zuraren industrian %1,8 eta makinerian %2,2.
INE Espainiako Estatistika Erakundeak atzo eman zuen industriako prezioen bilakaeraren berri. Alde handia dago Eustaten eta INEren datuen artean. INEren datuen arabera, iazko uztailetik aurtengora industriako prezioak %13,3 garestitu dira EAEn, eta %5,1 Nafarroan. Aurtengo ekainetik uztailera, berriz, %1,2 garestitu dira EAEn, eta %0,6 Nafarroan.
############
Petrolioa fintzea %17,6 garestitu da; eta argindarra, gasa eta ura, %16,7
############
EAEko industria jarduera batez beste %4 igo zen iaz, hirugarren urtez
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriak 8.000 lanpostu sortu zituen iaz, 2006an baino %3,3 gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu