EKONOMIA

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Michelineko langile bat amiantoaren eraginez hil zela

Enpresa gezurretan ari dela salatu du CCOO sindikatuak, eta amiantoaren arrastoa agerikoa zela langilea aritzen zen plantan.

2011ko urtarrilaren 8a
17:39
Entzun
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Gasteizko auzitegiko epaile batek hartutako erabakia, eta esan du Michelineko langile bat amiantoaren eraginez hil zela. CCOO sindikatuak jakinarazi duenez, 2008ko azaroan hil zen langile horren heriotza ezkutatzen saiatu da Gasteizko lantegia, inork jakin ez zezan lanean hartutako gaitz baten ondorioz hil zela.

Enpresak bere erantzukizuna saihestu nahi izan duela esan du sindikatuak, eta langilea aritu zen plantan ez zegoela amiantorik argudiatu duela. "Beste heriotza batzuekin argudio horrek balio izan dio horretarako". Hasieran, Gizarte Segurantzak eta Osalanek ondorioztatu zuten enpresan minbizia eragiten duen zuntzik ez zela erabiltzen. "Sei hilabete geroago, ordea, enpresaren gezurrak agerian geratu ziren, amianto arrastoak agerikoak zirelako". Sindikatuaren arabera, plantaren erdiak zuen amiantoaren arrastoa hoditerian.

Gainera, amiantoaren arrastoa enpresako Segurtasun eta Higiene Batzordearen agirietan jasota dago, eta lan istripu baten txostenean ageri da langile batek amiantoa kentzen ari zela izan zuela istripua. "Horri guztiari esker, Osalanek eta Gizarte Segurantzak berriro egin zituzten euren txostenak". Michelinek helegitea aurkeztu zuen Gasteizko auzitegiaren erabakiaren aurka. Hildakoaren familiari sufriarazi egin diotela salatu du CCOOk, "amiantoaren eragina mina-dragatzaile batean soldaduska egiten ari zela" jasan zuela argudiatzen zutelako. Enpresak "bere eskaerekin torturatzeari utzi eta egindako kaltea ordaintzea" espero du familiak, sindikatuaren hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.