Kontsumo handiagoren bidez krisi ekonomikotik ateratzeko aukerak urriak direla erakutsi du Kontsumitzailearen Koiuntura Ekonomikoaren txostenak. Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Konfederazioaren ikerketa horren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak gero eta ezkorragoak dira beraien egoera ekonomikoari buruz, eta ez dute gastu handitarako asmorik.
Atzo zabaldutako txostenak talka egin du azken asteotan Europan eta Espainian kaleratutakoekin. Izan ere, krisi ekonomikoaren okerrena igaro dela dioten lehen zantzuak direla medio, Europako eta Espainiako kontsumitzaileak zertxobait baikorrago dira orain duela hiru hilabete baino. EAEn, berriz, Kontsumitzaileen Konfiantza Indizeak beste hiru puntu egin du behera, maiatzean egindako azterketan, eta 67an kokatu da. Europakoa baino okerragoa da (71), baina Espainiakoa baino baikorragoa (61).
Herritarrek egoera ekonomiko orokorrari buruz duten ikuspegiak pixka bat hobera egin du, 54tik 66ra. Beraien egoera ekonomiko pertsonalari buruz duten iritzia ez da hain txarra (78 puntu), baina, bai, ordea, espainiarrena (82) eta europarrena (91) baino okerragoa. Gainera, Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Konfederazioak uste du ziur aski okerrera egingo duela, enplegua galtzeko arriskua gero eta handiagoa ikusten dutelako herritarrek. Enpleguari buruzko indizeak beste sei puntu galdu ditu, eta 39an kokatu da, 1992az geroztik izan duen mailarik txikienera. Ez da harritzekoa, maiatzean langabezia pixka bat gutxitu arren duela urtebete baino %45 handiagoa delako orain Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Oso deigarria da hurrengo hilabeteotan dirua aurrezteko asmoa dutenen kopuruaren beherakada, indizeak hamazazpi puntu galdu baititu, 86ra arte. Halako mailan ez da izan 2001az geroztik.
Inbertsioetarako gogorik ez
Ikerketak ez die itxaropen handirik ematen auto edo etxe saltzaileei. Izan ere, gastu handiak egiteko asmoa dutenak oso gutxi dira, %1,3 baizik ez. Egia da, ordea, indizeak gora egin duela: %0,8 ziren 2008ko azken hiruhilekoan eta %1 2009ko lehenengoan. Etxebizitza nagusia erosteko asmoa dutenak %1,3 dira, eta %1,8, berriz, autoa erosteko asmoa adierazi dutenak. Azken hori zazpi urteotako batez bestekoaren erdia da, gutxi gorabehera, eta auto berrien matrikulazioan islatzen da, %26 jaitsi baita azken urtean.
EAEko kontsumitzaileen konfiantzak behera egin du, langabeziaren beldurrez
Egoera orokorrari buruz duten ikuspegia pixka bat hobetu da, baina pertsonalari buruzko kezka handitu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu