Langabeen kopurua izoztu egin da 2005eko lehen hiruhilekoan. Iazko irailetik abendura bezainbeste langabe zenbatu ditu Eustatek EAEn aurtengo urtarriletik martxora bitartean: 70.700, zehazki. Europako Batasuneko nahiz euroguneko langabezia tasa %8,9koak ziren otsailean.
Biztanleriaren inkestaren arabera, Arabako eta Gipuzkoako jaitsierek Bizkaiko hazkundea orekatu zuten. Bizkaian 4.600 langabe gehiago baziren; 2.700 gutxiago Araban eta 1.900 gutxiago Gipuzkoan. Iazko lehen hiruhilekotik 16.100 lagun gutxiago ari ziren lan bila EAEn. Bizkaikoa da langabezia tasa kaskarrena (%8,5). Gipuzkoakoak puntu erdi behera egin eta %6,2an da. Arabakoa ere murriztu egin zen (-%1,7) eta %3,4koa da herrialdeko langabezia tasa. Jarduera sektoreei dagokienez, zerbitzuetakoa zen emaitza onena. Sektorean 596.800 lagunek jarduten zuten, iazko martxoan baino 23.200 pertsona gehiagok. Ordutik behera egin du gizon (-6.700) nahiz emakume (-9.400) langabeen kopuruak. Langabezia tasen aldea, ordea, aipatzekoa da. Gizonena %5,8koa zen %8,7koa emakumeena. Gainera, aurreko hiruhilekotik %0,8 hazi zen emakume langabeen kopurua. Biztanle okupatuen tasak, ostera, azken hiruhilekoan behera egin arren,%1,8 egin zuen gora iazko martxotik. %64,9an zen.
ELAren salaketa
Eusko Jaurlaritzari «prekarietatearen errealitatea ezkutatzea» egotzi zion ELAk. Mikel Novalek ohartu zuen Jaurlaritzak ez dituela behin-behinekotasunaren eta soldatapeko enpleguaren datuak plazaratu, «EAEkoa Europako Batasunekoaren hirukoitza dela agerian uzten baitute hiruhilero». Horrenbestez, informazio hori zabaltzeko eskatu zioten Gasteizko Gobernuari.
LANGABEZIA
EAEko langabezia tasa %7an da, eurogunearen azpitik bi puntura
Urteko lehenengo hiruhilekoan 70.700 langabe zenbatu ditu Eustatek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu