Lan Harremanen Kontseiluaren martxoko txosten soziolaboralaren arabera, 2013ko lehen hiruhilekoan sektoreko sei lan itun kolektibo baino ez ziren sinatu. Sei hitzarmen horiek, batez beste, langileen soldataren %1,62ko igoera suposatu du. Erakundeak azpimarratu du Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 400.000 langile inguru hitzarmenik barik gera daitezkeela negoziatzeko arritmoa bizkortzen ez bada, uztailaren 7an galduko dutelako indarraldia ordurako eguneratu ez diren lan hitzarmenek.
Azken 30 urteotan EAEko lan harremanak antolatzeko balioa izan duen sistema desegitea ekarriko luke horrek, eta kaltegarria litzatekeela ohartarazi du Lan Harremanen Kontseiluak: "Gaurko ereduaren porrotak gizartearen kohesiorako mehatxu argia ekarriko luke. Baina, gainera, ekonomiaren ikuspegitik, segurtasuna galtzea eta gatazkak nabarmenki areagotzea ere ekar ditzake".
Aurtengo lehen hiruhilekoan, guztira, 21.064 langileri eragiten dien 33 lan hitzarmen sinatu dira: sektoreko sei lan hitzarmen (hiru Bizkaian, bi Gipuzkoan eta bakarra Araban), eta enpresako 27 (hamabost Bizkaian, sei Gipuzkoan eta lau Araban). EAEn oraindik 554 lan hitzarmen daude berritzeko (horietatik 113 sektorekoak), eta 403.342 behargini eragiten die.