EAEn aurten galdu diren lanpostuetatik %85 industria sektorekoak dira

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 23.400 familiak etxeko senide guztiak langabezian dituzte dagoeneko

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2009ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Lanpostuen galera moteltzea lortu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak urteko hirugarren hiruhilekoan. Langabezia tasak, aldiz, igotzeko joerari heldu dio berriro, eta uztailetik irailera bitartean 85.500 langabe zenbatu zituen Eustatek, aurreko hiru hilabeteetan baino 4.800 gehiago. Martxotik ekainera zegoen egoerari buelta eman zaio, gainera. Orduan langabezia oso gutxi igo zen, baina lanpostu gehiago galdu ziren.

Orotara, 2.000 enplegu garbi galdu zituen EAEko ekonomiak hirugarren hiruhileko horretan. Lanpostuak galtzen hasi zirenetik, kopururik txikiena izan da. Edonola ere, soilik zerbitzuen sektoreak hautsi du joera, eta, udako kontratuak lagun, 4.500 okupatu gehiago bildu zituen. Beste sektoreek pisua galtzen jarraitzen dute, batez ere industriak. Aurten galdu diren lanpostuetatik %85 sektore horretakoak dira.

Batez beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 30.000 lanpostu galduko zirela kalkulatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Emaitza horietan mugitzen hasi da EAEko ekonomia dagoeneko. Azken hamabi hilabeteak aintzat hartuz gero, 44.300 lanpostu gutxiago dira.

Langabe kopuruak ere gora egin zuen uztailetik irailera. Aurreko hiruhilekoan izandako datu ona - soilik %0,1 igo zen langabezia tasa, 700 lagun inguru- ez da errepikatu, eta tasa %0,5 igo da, %7,8tik %8,3ra. Langabeziaren igoera, oso-osorik, gizonezkoen artean gertatu da, emakumeen langabezia tasa %0,4 arindu delako. Azken seihilekoan emakumezkoen langabezia tasa gizonezkoek dutenaren azpitik jarri da. Gaur egun, ia bi puntuko aldea dago.

Dagoeneko aurten 37.800 langabe gehiago zenbatu ditu Euskal Estatistika Erakundeak. Azken hamabi hilabeteetan, berriz, 43.900 izan dira.

Azken hilabeteetan herrialde guztietan handitu da langabezia, aurreko hiruhilekoan Gipuzkoak murriztea lortu eta gero. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoak du oraindik ere tasarik txikiena, %6,5. Bizkaian langabe kopurua %8,9koa da, eta Araban dagoeneko %10era iritsi da. Iaztik %8,7 handitu da tasa azken herrialdehorretan.

Beharrik gabe dauden eta bilaari direnen artean, portzentajerik esanguratsuena 16 eta 24 urte bitarteko gazteena da. Adin tarte horretan lau tik batek ez du lanik lortzen.

Eustatek, halaber, familien egoerari buruzko zenbait datu argitaratu zituen atzo. Hala, EAEko 23.400 familiatan etxeko kide guztiak beharrik gabe daude, guztietatik %2,8 dira.

Aldi baterakoak, gora

Iazko hirugarren hiruhilekotik aurrera behera egin du soldatapekoen kopuruak. Kontratu mota aintzat hartuta, aspaldiko partez gora egin dute aldi baterako kontratua duten pertsonak, 4.300 lagun gehiago. Egun, soldatapekoen %18,8k dute halako kontratu bat. Inolako kontraturik gabe lanean ari direnak gehituta, edonola ere, ia hiru puntu gehiago dira: %21etik gora.

Langabezia neurtzen duten beste erakundeek ere islatu dute igoera ekainetik aurrera. Irailean Hegoaldeko 160.000 biztanle baino gehiago zeuden izena emanda INEMen, aurreko hilabetetik kopurua %2 handitu eta gero. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 123.000 lagun dira, Eustaten inkestan baino 37.500 gutxiago.

CCOO sindikatuak ohartarazi du industria sektoreko enplegua eta lanaldi mugagabeko kontratuak galtzen ari direla. Eustatek argitaratu dituen datuak «berriro ere txarrak» direla adierazi zuen, ohar baten bidez. Egoerari aurre egiteko, industriaren behatoki bat martxan jartzeko eta kalitateko enpleguaren alde lan egiteko eskatu dio CCOO sindikatuak Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.