Aste hasieran «tonalitate grisak» ikusi zituen Eusko Jaurlaritzak egoera ekonomikoaren inguruan, baina Eustaten datuek, argiuneak baino, iluntasuna azalarazi dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria ekoizpena %9 murriztu da uztailean, iazko hilabete berarekin alderatuta. Ekainetik %2,8 jaitsi da.
Iazko uztailetik aurtengora soilik elikagaien, tabakoaren eta edarien industrian izan da igoera (%1,3). Jaitsierarik handiena izan duen industria, berriz, plastikoena eta kautxuarena izan da, urte arteko datuak aintzat hartuta: %12,9 jaitsi da. Arte grafikoen, paperaren eta egurraren sektoreek ere jaitsiera nabarmena izan dute urtebetean, baita energia elektrikoarenak ere (%11,5).
Lurraldeka, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egin du behera ekoizpenak, bai urtebetean, baita ekainetik uztailera arte ere. Iazko uztailetik aurtengora Gipuzkoan jaitsi da gehien, %10,4; Araban %10,1 eta Bizkaian %7,1. Ekainetik, berriz, Araban izan da jaitsiera nabarmenena: %4,5. Gipuzkoan %3,4 egin du behera; Bizkaian, berriz, %1,3.
Apirilaren pare
Urte hasieratik soilik apirilean jaitsi da industria ekoizpena uztailean baino gehiago —orduko hartan %9,1 egin zuen behera, iazko apirilaren aldean—. Gutxien, aldiz, urtarrilean jaitsi zen, %1,8. Ekainean «bost hilabeteko daturik onena» izan ondoren heldu da hiru hilabeteko txarrena. Tonalitateak argiak, behintzat, ez dira.
EAEn industria ekoizpenak %9 egin du behera urtebetean
Uztailean jaitsiera erritmoa bizkortu egin da, maiatzarekin eta ekainarekin alderatuz gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu