Produktuak merkeago lortzeko, nazioartean egin beharreko erosketak elkarrekin egitea. Hori da Euskomer Euskadiko Merkatarien Konfederazioak saltokiak lehiakorrago izan daitezen proposatutako neurrietako bat. Elkartearen arabera, egoera «korapilatsua» da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %20 inguru jaitsi baita kontsumoa. Egoerari aurre egiteko elkarlanean aritzeko aholkua eman die merkatariei.
Berriki, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanerako akordioa sinatu du Euskomerrek, eta atzo etorkizunerako dituen proiektu estrategikoak aurkeztu zituen. Pedro Campo Euskomerreko presidenteak adierazi zuenez, hiru arlo nagusitan egingo dute lan: pertsonen ekipamendurako saltokien arloan, elikadurakoetan eta etxeko ekipamenduetakoan.
Erosketak nazioartean egitea da Euskomerrek pertsonen ekipamenduetako saltokiak dituzten enpresaburuei egindako proposamen nagusia. Elkartearen arabera, 75 saltzailek baino gehiagok babestu dute dagoeneko ekimena. Janari dendak dituztenei, berriz, aholkatu die bertako ekoizleekin elkarlanean aritzeko. Azkenik, etxerako ekipamenduak saltzen dituzten dendetan aritzeko kualifikatutako langile gutxi dagoela azaldu du Campok. Hori dela eta, sektorean aritu nahi duten langileei prestakuntza eman eta haiekin lan poltsa bat osatzea proposatu du.
Kontsumoak behera egin arren, ez direla iaz baino denda gehiago itxi esan du Euskomerrek. Halere, «ziurtasun falta» igo egin dela nabarmendu du. Ordutegiak luzatzea beharrezko ikusten al duen galdetuta, ezetz dio Campok. «Ordu gehiagoan irekita egoteak ez du bermatzen kontsumoa igoko denik».
EAEn kontsumoa %20 inguru jaitsi dela esan du Euskomerrek
Egoera «korapilatsuari» aurre egiteko, merkatariei elkarlanean aritzeko aholkua eman die Euskomerrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu