Espainiari bere zorraren kalifikazioa jaitsi ondoren, haren menpeko lurraldeekin ere berdin egiten ari da Standard & Poor's (S&P) rating agentzia. Maila bat kendu die Euskal Autonomia Erkidegoaren, Nafarroaren eta Bizkaiaren epe luzeko zorrari; lehen 'AA+' kalifikazioa zuten, eta orain 'AA-' dute. Espainiaren eta eurogune osoaren baldintza ekonomikoek okerrera egin dutela gogorazi du S&Pk, eta, EAEk, Nafarroak eta Bizkaiak haiekin «oso lotura estuak» dituztenez, haien espektatibak ere okerrago direla.
Edonola ere, agentziak nabarmendu egin du hiru erakundeen egoera Espainiarena baino nabarmen hobea dela. Horrela, gogorazi du aberatsagoak direla eta langabezia %13 ingurukoa dela —%23koa Espainian—, kontu publiko «osasuntsuagoak» dituztela, eta esportaziora bideratutako «industria indartsua» dutela. Gainera, aipatu du beste erkidegoek ez bezalako estatus politikoak «zerga autonomia zabala» ematen diela, eta, horri esker, «gobernu zentralak inposatu ahal dizkien gastu erantzukizunengatik babesteko klausulak» dituztela. Horregatik, justifikatutzat jo du Espainiako Erresumak baino kalifikazio hobea izatea, halakoak ohikoak ez diren arren. Urtarrileko jaitsieraren ondorioz, Espainiaren epe luzeko zorra euskal erakundeek baino bi maila beherago dago, 'A' kalifikazioarekin.
EAEren, Nafarroaren eta Bizkaiaren zorraren kalifikazioa jaitsi du S&Pk
Espainiak baino kalifikazio hobea izango dute aurrerantzean ere, hura baino sendoago ikusten dituelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu