EAEri eta Nafarroari kalifikazioa jaitsi die S&P agentziak

Bi gobernuen zorrak kalitate maila gorena galdu du, eta garestiago aterako zaie merkatuetan finantzabidea lortzea. Hiru urtez zorra handitu eta aurrekontuen defizita ez dela orekatuko ohartarazi du

Ivan Santamaria.
2010eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Fidagarritasun eta kreditu kalitaterik handiena ematen duen kalifikazioa kendu die Standard & Poor's agentziak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Bi gobernuek A hirukoitzari eustea lortu zuten iaz, Espainiako Gobernuaren maila jaitsi zen arren. Orain, ordea, Espainiaren nota aldatu eta hurrengo egunean zorraren kalitatea okertu die S&Pk.

Aurrerantzean AA+ izendapena edukiko dute hala EAEko nola Nafarroako gobernuek. Kaudimenari dagokionez, administrazio oso egonkor, fidagarri eta arrisku gutxikoak direla berretsi du rating agentziak, baina egun ez dituzte AAAko klub esklusiboan sartzeko baldintzak betetzen. Besteak beste, Alemaniak, Frantziak, AEBek, Erresuma Batuak edo Eskandinaviako herrialdeek dute A hirukoitza.

Hasiera batean, kalifikazioan balioa galtzeak merkatuetan finantzabidea lortzeko baldintzak gogortu beharko lituzke. Hots, zor publikoaren truke interes gehiago ordaindu beharko dituzte bi gobernuek. Halako albiste bat espero zutela onartu zuen Carlos Agirre Jaurlaritzako Ogasun sailburuak atzo, eta ontzat jo zuen. «Nota ona da, hamarretik bederatzi puntu».

Laster zor publikoa jaulkitzeko asmoa du Patxi Lopezen gobernuak. Aurten, hain zuzen ere, 2.038 milioi euro jaulkitzeko baimena du. Agirrek ez du merkatuetan arazo handirik espero, ordea. «Merkatuen plazara Espainiako eta Europako eskualderik gehienen aurretik ateratzea ahalbideratuko digu kalifikazio honek». Moody's edo Fitch agentzietan oraindik ere maila gorenari eusten dio Jaurlaritzak.

Nafarroako Ogasun eta Ekonomia sailburua Alvaro Mirandak, albiste «txarra» dela onartu zuen. Hala ere, ospetik aparte, ez duela inolako ondorio ekonomikorik izango ziurtatu zuen. 495 milioiko zorra jaulkitzeko baimena du.

Hegoaldeko bi erkidegoen ekonomia Espainiakoa baino osasuntsuagoak eta egonkorragoak direla azpimarratu du S&Pk, eta horretan oinarritu du euren maila Espainiakoaren gainetik segitzeko erabakia. Hala ere, Espainiako hazkunde aurreikuspena ahuldu izanak bietan eragina izango duela ohartarazi du, EAEko esportazioen %55 eta Nafarroako %60 hartzen dituelako.

Aurrera begirako joera ere negatiboa dela uste du agentziak. 2014. urtea baino lehen zorra handitzeari uztea eta defizita orekatzea ezinezkotzat jo du. Espainiaren egoera fiskal eta ekonomikoa okertuz gero, eta bi administrazioetan aurrekontu orekatuetara itzultzeko aukera urrun ikusten badu, S&Pk kreditu kalifikazioa are gehiago jaitsiko luke.

1. Zer dira 'rating' agentziak?

Enpresek edo administrazio publikoek euren burua finantzatzeko jaulki duten zorra ordaintzeko duten fidagarritasuna neurtzen dute. Beste era batera esanda, hartzekodunak erosi dien bonoa kobratzeko tenorean izan ditzakeen arriskuak edo zailtasunak aurreratzen saiatzen dira, Mailaketa estandar baten bidez.

2. Zeintzuk dira agentzia nagusiak?

Hiru dira nazioarteko sona dutenak. Standard & Poor's eta Moody's agentzien artean merkatu kuotaren %80 inguru dute, erdi bana. Bi horiei Fitch gehitu behar zaie, txikiagoa. Nagusitasun hori dela-eta, kalifikazio agentziei de facto oligopolioa osatzen dutela aurpegiratu zaie.

3. Zeintzuk dira kalifikazioak?

Azterketa bateko notaren antza dute. Bi atal ezberdintzen dituzte. Alde batetik, inbertsio egonkor edo fidatzekoenak sailkatzen dituzte. Oro har, A hirukoitzak izendatzen ditu kalitaterik handiena eta arriskurik txikiena duten erakundeak. Beste sail batean, inbertsio arriskutsuak edo espekulatiboak daude. Maila horri zabor bonuak deitzen zaio merkatuetan. Zor duten dirua garaiz itzultzeko zailtasunak edo arriskuak daudenean izaten da.

4. Zein da kalifikazio jaitsieraren ondorioa?

Funtsean, kalifikazioa galtzen duen herrialdeak edo konpainiak arazo gehiago izango ditu merkatuetan ohiko bideetatik finantzaketa jasotzeko. Besteak beste, bonu baten truke inbertitzaileei gero eta interes tasa handiagoak ematera derrigortzen ditu.



Kalifikazioak

S&P Moody's

Alemania. AAA. Aaa


Frantzia. AAA. Aaa


EAE. AA+. Aaa


Nafarroa. AA+. -


Espainia. AA. Aaa


Portugal. A-. Aa2


Grezia. BB+. A3
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.