EAJ defizit ezaren legean abstenitu da, Hegoaldean beteko ez delakoan

Legeak itun ekonomikoa eta kontzertu ekonomikoa errespetatzen dituelako, UPNk alde bozkatu du, eta EAJ abstenitu egin daEuskal ekonomiari kalte egingo diolakoan, Amaiurrek eta Geroa Baik kontra egin dute

joxerra senar
2012ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
2020tik aurrera administrazio publiko guztiei defizitik ez izatea inposatuko dien Egonkortasun eta Finantza Iraunkortasunaren Lege organikoa onartu zuten atzo Espainiako Kongresuan. PPk, CiUk , UPDk eta UPNk alde bozkatu zuten. EAJ abstenitu egin zen. Zuzenketa baten bidez, Hego Euskal Herriko administrazioen finantza autonomia errespetatzeko eskatu zuen, eta PPk onartu egin zuen aldaketa. Amaiurrek eta Geroa Baik, aldiz, kontra bozkatu zuten. Rafa Larreina Amaiurreko diputatuaren arabera, «lege hori kaltegarria da estatu osoarentzat, eta euskal ekonomiari ere kalte egingo dio».

Iazko irailaren hasieran, PPk eta PSOEk Espainiako Konstituzioa presaka aldatu egin zuten, administrazio guztiak defizita eta zorra mugatzera behartzeko. Europako Banku Zentralak inposatu zuen moldaketa, abuztuan, zor merkatuen presioa arintzeko, Espainiako eta Italiako zor tituluak erosi egin zituelako. Atzo onartutako lege organikoa Konstituzioan egindako aldaketaren garapena da.

Legeak Espainiaren zor publiko osoa barne produktu gordinaren %60tik behera izatera behartzen du. Era berean, administrazio guztiak (udalak eta sozietate publikoak barne) egiturazko defizitik ez izatera derrigortzen ditu, eta helburu hori bete beharko dute diru laguntzak jaso ahal izateko edo Espainiako Gobernuarekin itunak egiteko. Salbuespenak jasotzen baditu ere, zigor mekanismoak ere ezartzen ditu legeak.

Helburuak betetzen ez dituenak plan bat aurkeztu behar du, eta krediturik ez jasotzeko agindua eman beharko du berehala.Sei hilabetean egoera onbideratu ez badu, bere barne produktu gordinaren %0,2ko zigorra ezarriko zaio, eta bere horretan jarraituz gero, Ogasun Ministerioak ordezkaritza bat bidaliko du. Funtsean, espainiar administrazoari ezarritako Maastrichteko itunmoduko bat da lege organikoa.

EAJren eta UPNren jarrera

Legeak ez du zertan Hegoaldeko administrazioei eragin. Nafarroako itun ekonomikoak eta EAEko kontzertu ekonomikoak ezarritako finantza autonomia errespetazeko exijitu dute UPNk eta EAJk zuzenketa banatan, hots, alde biko negoziazioan erabakitzea «aurrekontuen orekarako konpromisoak». PPk onartu egin du. Trukean, UPNk alde bozkatu du, eta EAJ abstenitu egin da.

Pedro Aspiazu diputatu jeltzalearen arabera, EAJk mesfidantzaz begiratu die PPren asmoei. Hasiera batean lege organikoaren testuak Hegoaldeko autogobernua errespetatzeko aukera jasotzen bazuen ere, «Ekonomia Ministerioko norbaitek» testua aldatu zuen. Moldaketa haren atzean «atzerapausoa» eta «kontzertu ekonomikoaren eta itun ekonomikoaren aurkako eraso bat» antzeman zituen EAJk. Hala, 2002an PPren gobernuak berak emandako hitza betetzea nahi zuen EAJk. Herenegun «azken orduan» akordioa lortu zuten bi alderdiek.

Amaiurreko Rafa Larreinaren arabera, berriz, lege organiko hori krisiaren «diagnostiko oker batetik» abiatzen da, eta espekulazioan oinarritutako eredu baten alde egiten du. Haren arabera, Espainiaren arazo nagusia ez da zor publikoa, «zor pribatua baizik». Etxebizitzaren burbuilabankuek sortu zuten, « interes tasa apaleko EBZren kredituak lortzen zituztelako eta askoz garestiago saltzen zizkietelako bezeroei». Larreinak dio gobernua egoera baliatzen ari dela neurri neoliberalak ezartzeko.

Geroa Baiko diputatu Uxue Barkosek ere kontra bozkatu zuen. Haren hitzetan, defizitik ez izatea «sakratutzat jotzen du» legeak, eta, gainera, administrazio guztiak modu berean zigortzen ditu. «Berdin dio bakoitzak orain arte nola kudeatu duen».

Konstituzioaren aldaketa Espainiako bi alderdi nagusiek hitzartu arren, lege organiko horren aurka bozkatu zuen PSOEk. Defizitaren muga %0,4koa izatea nahi zuten sozialistek, neurritasunak «jarduera ekonomikoa ito ez dezan». Osoko bilkurako eztabaida amaituta, 20 minutu inguruko saioa egin zuten adostasuna lortzeko PPk eta PSOEk. Alferrik. PSOEk kontra bozkatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.