Bizkaiko aurrekontuak

EAJ eta PP "harro" daude egindako akordioaz, "bizkaitarrentzat ona delako"

PPk Bizkaiko aurrekontuen proposamenari egindako hainbat zuzenketa onartu ditu EAJk, eta trukean, aurrekontuak onartzea ahalbidetuko du PPk. Abstentzioa agindu dio EAJri, bi alderdietako ordezkariek sinatutako akordioan. EH Bilduk kritikatu egin du bi alderdien arteko akordioa (bideoa). [Youtube]http://youtu.be/maVB_HVK-jo[/Youtube]

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko urtarrilaren 25a
14:15
Entzun

Lorea Bilbao EAJko batzarkideak, Esther Martinez PPkoak eta Unai Rementeria zein Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek hedabideen aurrean sinatu dute Bizkaiko aurrekontuak onartzeko akordioa.

Bi alderdietako ordezkariak gustura agertu dira sinatutakoaz, “bizkaitarrentzat onena” dena egin dutela argudiatuta. Akordioa Bizkaiko aurrekontuetara mugatzen dela adierazi dute, baina bizkaitarren onurarako akordio gehiago egiteko esperantza azaldu dute.

PPko bozeramailearen hitzetan, “Bizkaiak historia osoan izan dituen aurrekonturik sozialenak” izango dira 2013koak. Eta hori PPk Foru Aldundiaren proposamenari egindako zuzenketa batzuk onartu izanari esker izango dela dio.

Akordioa alderdikerietatik aldenduta egin dutela esan du, eta ez dela “baliabide politikoa”. Martinezen hitzetan, “bizkaitarren hobebeharra” izan da bi alderdiek izan duten “lotura bakarra”. Adostasuna iragana atzean utzita lortu dutela azaldu du, eta etorkizunera begirakoa dela. “Akordio hau ez da amaiera; hasiera on bat izango den esperantza dut”.

EAJko bozeramaileak “akordioa eta adostasuna” lortu direla nabarmendu du. Ituna bizkaitarrengan pentsatuta soilik sinatu dutela berretsi du, eta horretara mugatzen dela: 2013rako Bizkaiko aurrekontuen onarpenera. “Ez dago bestelako aliantzarik”.

Batzar nagusietan akordio “gehiago eta zabalagoak” lortzen ahaleginduko dela ere adierazi du Bilbaok, eta, gainontzeko instituzioei begira ere, EAJren nahia dela “ahalik eta toki gehienetan eta ahalik eta erarik zabalenean akordioak egitea”.

Foru aldundiak proposatutako aurrekontuetatik 5,5 milioi euro inguruko aldaketa dakar EAJk PPrekin egindako itunak, eta otsail hasiera edo erdialdera espero da onartzea.

EH Bilduk eskaera egin dio EAJri: Bizkaiko gizarteari azal diezaiola zergatik egin duen ituna "Espainiako eskumarekin" azken urteetako aurrekonturik "antisozialenak" onartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.