Gipuzkoan sozietateen gaineko zerga erreformatzeko prozesuak agerian utzi ditu beste behin ere alderdien arteko desadostasunak. EAJk iritzi dio erreformaren ondorioen txostenean onartu zena Gipuzkoako ekonomiari «zuzenean egindako erasoa» dela, «enpresa txiki zein ertainen irabaziak zergapetzen» dituelako. Markel Olano Batzar Nagusietako EAJren bozeramaileak eta Itziar Agirre talde txostengileko ordezkariak agerraldia egin zuten atzo; asteazkenean adostu zuten Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek zerga erreformatzeko oinarriak biltzen dituen ondorioen txostena.
Olanoren arabera, Gipuzkoako enpresek azken 20 urteetan izandako irabaziak «lehiakortasuna eta berrikuntza arloak hobetzeko» erabili dituzte, baita nazioartera hedatzeko ere. Horregatik, zerga politikak «ekonomia sustatzeko tresna» izan behar duela uste du, eta ez diru bilketarako sistema bat, «Bilduk nahi duen bezala».
Juan Carlos Cano PPko batzarkidea ere aurka agertu zen atzo, eta erreforma «dirua biltzeko asmo bakarrarekin» aurkeztu zela salatu zuen. Haren arabera, «ulertezina» da erreformak «oso garrantzitsuak» diren hainbat atal «baztertuta» utzi izana; nazioartekotzeari eta ekintzaileei buruzko gaiak, esaterako.
Egutegia zehazten
Kritikak kritika, Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga sistema «bidezkoago eta sendoago» baten aldeko apustua berretsi zuen atzo. Gainera, Martin Garitano ahaldun nagusiak oposizioaren «blokeoa» salatu zuen, «hartu beharreko» hainbat erabakiren inguruan. «Faltsua den errealitatea» erakusten saiatzea ere leporatu zion oposizioari.
Sozietate zerga aldatzeko oinarriak adostu ondoren, aurrera jarraitzeko asmoa duela agertu du aldundiak. Lanean jarraituko dute, bi ardatzetan: Zergen Koordinaziorako Organoan eta Gipuzkoako erakundeetan. Koordinazio organoari metodologia eta egutegia zehazteko eskatuko diote; erakundeetan, berriz, zerga berriak diseinatzeko prozesuarekin jarraituko dute, Helena Franco Ogasun diputatuak jakinarazi duenez. «Abiapuntu egokian gaude foru arau proiektua mahai gainean jartzeko», esan du Francok.
Sozietate zergaren inguruko txostenarekin batera, udal zergen foru araua ere onartu dute aste honetan. «Denon ekarpenetan oinarritutako fiskalitatearen alde egin dugu, baina gehien daukanak ahalegin handiagoa egin beharko du», adierazi du Francok. Udal zergei buruzko foru arauaren inguruan, «oso balorazio positiboa» egin du. Arau horren bitartez, etxebizitza bat baino gehiago dutenei «ekarpen erantsi bat» eskatuko zaie, «elkartasunez, hain egoera erosoan ez daudenean alde».
Francok adierazi duenez, horrek zerga bilketa handiagoa ekarriko du, eta, bide batez, udalei agindutakoa beteko du aldundiak: zergetan aldaketak egiteko konpromisoa. Udalentzat aukerakoa izango da arau hori aplikatzea; gehienez 16 milioi euro inguru lortuko lituzke aldundiak.
EAJ: «Sozietate zergaren erreforma Gipuzkoako ekonomiaren kontra doa»
Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga sistema «bidezko eta sendoago» baten aldeko apustua berretsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu