Fagor Etxetresnak

EAJk, EH Bilduk eta PSEk Edesa martxan jartzeko eskatuko diote Mondragon taldeari

Grumaleko langileek manifestazioa egin dute Arrasaten, Fagorreko administratzaileek 340 langile kaleratzeko dosierraren berri izan eta gero.

Grumaleko langileak Mondragon egoitzaren barruan. JUANAN RUíZ, ARP
xabier martin
2014ko urtarrilaren 31
18:39
Entzun

Denak Mondragoni begira berriro. EAJk, EH Bilduk eta PSEk legez besteko proposamena egin dute Eusko Legebiltzarrean Mondragon taldeari Edesa eta Geyserren proiektuan sar dadila eskatzeko. Idatzia lehenbailehen eztabaidatu eta onartu nahi dute, gainera. Langileei elkartasuna adierazi eta Fagor Etxetresnen Confort adarreko lanpostuak babestera deitzen diote Arrasateri idatzi horretan.  

Tentsioa gora doa, beraz, Mondragonek hartu behar duen erabakiaren bezperetan. Tentsioa egon da, halaber, gaur eguerdian Arrasaten, Grumaleko langileen manifestazioa dela eta. Fagor Etxetresnen administratzaileek 340 behargin kaleratzeko dosierraren biharamunean izan da martxa. Grumaleko 148ak kaleratuen artean leudeke dosier horretan. Azpeitiko enpresa altzarigileko hainbat langile Mondragon taldearen egoitzan sartu dira. Manifestazioa 11:30ean abiatu da Arrasateko erdigunetik, eta Lagun Aro aseguroen egoitzaren aurrean elkarretaratu ondoren, Mondragonen egoitzara joan dira langileak. Batzuek barrura sartzea ere lortu dute, eta zaindariak sarrera hori galarazi duenean tentsio une batzuk bizi izan dira egoitzaren barruan.

Igande honetarako, berriz, Edesakoek egingo dute manifestazioa Basaurin. 12:00etan abiatuko da Edesako plantatik, eta Ventako plazan amaituko da.

Bilbao ere tentsioa gehitzen

Jose Luis Bilbaok adierazpen gogorrak egin ditu Radio Popular irratian Mondragon taldearen aurka, Edesa eta Geyserren proiektuaren harira. Arrasatek ez du erabaki oraindik Basauri eta Bergarako plantan ustez 260 lanpostu salbatuko lituzkeen proiektuan sartuko den ala ez; hiru milioi euro eskatzen dizkiote, eta Mondragon proiektu horren bideragarritasunaren inguruko azterketa sakona eskatu dio PwC auditoretza multinazionalari kazeta honek aurreratu duen moduan. Bilbaok, ordea, aurrea hartu dio Arrasateko taldeak laster jakinaraziko duen erabakiari. "Edesa saltzen badute euro batzuk ateratzeko, gizarteari azalpenak eman beharko dizkiote".

Lakuan, iazko urrian egindako bilera batean. Fagorren konkurtsoaren atarian, hiru milioi euroko bermea eskaini zuen Bilbaok Edesa salbatzeko, baina Fagorrek uko egin zion berme horri «bere kabuz» ez zelako «nahikoa» Basauri aurrera ateratzeko. Ahaldun nagusiak minduta jarraitzen du antza, erabaki horrekin. "Gaur, langileek urtarrileko lansariak jasoko zituzten. Gaur, Edesa itxita dago ez zutelako bete adostu genuena".

Baina haratago joan da ahaldun nagusia Mondragonen aurkako erasoan. Arrasateren plana Confort atala saltzea dela esan du (Edesa-Geyser). "Zerbait saltzera zoazenean dirua aterako duzulako esperantza daukazu; etxetresnen zuloa estaltzeko izango da hori", aurreikusi du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.