EAJk enpresen alde gehiago egiteko esan dio Gipuzkoari

Olanok dio diputazioak eutsi egin behar diela inbertsioei; «bestela, ekonomia gehiago motelduko baita»

Miren Garate.
Donostia
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Diputazioak aste honetan jakinarazi du iaz baino %9,9 gutxiago bildu duela zergen bidez apirilera arte. Helena Franco Ogasun diputatuak esan zuen erabaki dutela aurreikusitako gastu batzuk orain ez egiteaeta saiatuko direla zenbait inbertsio atzeratzen. Markel Olano EAJren batzarkideak jaitsiera horren eta krisiaren aurrean «geldirik» egotea leporatu dio aldundiari.

EAJren arabera, Gipuzkoako Diputazioari enpresekiko «sentsibilizazioa eta harremana» falta zaio. «Jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren alde gehiago egin behar du, eta horiek industriaren eta enpresen eskutik datoz». Olanoren esanetan, garai zailetan ohiko gastuak murriztearen alde egin izan du beti EAJk, baina inbertsioei eutsiz; «bestela, are gehiago moteltzen baita ekonomia».

Francok iragarritako neurriakez ezik, iragartzeko modua ere kritikatu du. «Prentsaren bidez izan dugu jaitsieraren berri, eta ez dakizkigu datu zehatzak. Jarrera ez da zuzena, are gutxiago ardurak eskatzeko».

1,9 milioi, galduta

Arantza Tapia Madrilgo Kongresuko diputatuarekin eta Luke Uribe-Etxebarria legebiltzarkidearekin batera egin du agerraldia Olanok. Adierazi dute interpelazioa egingo diotela Bernabe Unda Industria sailburuari, Miramongo teknologia parkea handitzeko konpromisoa har dezan. Hondarribi eta Irungo Zubieta-Urdanibia gunera zabaldu behar dela dio alderdiak.

Tapiak gogoratu du 2011ko Espainiako aurrekontuen negoziazioetan 1,9 milioi euro lortu zituela EAJk lurrak erosteko. Diru hori galdu egin dela kontatu du, teknologia parkeko zuzendaritzan eta diputazioan aldaketak egon direlako, eta Eusko Jaurlaritzaren interesa «hutsaren hurrengoa» delako.

Guneak 500.000 metro koadro hartzen ditu, eta Tapiak dio hedapenari esker 10.000 lanpostu inguru sor daitezkeela. Haren esanetan, ezinbestekoak dira ikerketa eta garapena, «ez ikerketa bera sustatzeko bakarrik, enpresetara hedatzeko baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.