EAJ eta EA ados jarri dira elkarteen gaineko zerga tasari buruz, eta, hala, Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak zerga tasa orokorra %30ekoa izatea onartu du gaur (aipatutako bi alderdiek osatzen dute kontseilua). Sozietateen tasa orokorra %30ekoa izatea onartu badute ere (lehen %32,6koa zen), enpresa txikiek eta ertainek %24koa izango dute, azkenean araua onartzen bada.
Bi eragozpen dituzte orain EAJk eta EAk: batetik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek gaurkoa onartzeko, bertan ordezkatutako beste alderdi baten babesa jaso beharko dute, biak gutxiengoan daudelako (51 batzarkideetatik 23 dauzkate); bestetik, EAEko beste bi lurraldeekin arlo fiskalean tasen armoninazioa lortu beharko dute, Arabako eta Bizkaiko batzar nagusiek tasa orokorra %28koa izatea onartua dutelako (PPren babesa izan zuen EAJk).
Gipuzkoako PSE-EEk "ardura" eskatu die EAJri eta EAri, baina ez du negoziaziorako aterik itxi. Dena dela, sozialistek diote beraiena dela Gipuzkoako Batzar Nagusietako indar nagusia, maiatzeko foru hauteskundeetan bozkatuena izan zelako, eta EAJk eta EAk erakutsi beharko dutela "malgutasunik handiena". Tasa orokorra%32,5ekoa izatea proposatu zuen PSE-EEk hauteskundeetan.
Aralarri, berriz, "kezkagarria" iruditu zaio gaurko erabakia, "presio fiskalak gero eta gehiago eragiten dielako langileei", Rebeka Ubera batzarkideak esan duenez. Honen ustez, enpresen aldetik diru gutxiago jaso izana "albiste txarra" da, "zergen bidez jasotzen den diruarekin zerbitzu publikoak ordaintzen direlako".
Araba eta Bizkaiko tasa armonizazioaz, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak (EAJ) ez du uste arazorik gerta daitekeenik, proiektuan jasotzen diren kenkariekin beste lurraldeekiko "presio fiskala berdintsua" izango litzatekeelako. "Araua homologarria da", esan du gaur. Arazoa, Zerga Koordinaziorako Organuan konpontzea espero du Olanok, erreformak eginda eta neurri osagarriak hartuta. Kenkariak ikerketan, garapenean eta berrikuntzan oinarritutako inbertsioetan egingo lituzkete, eta %70ekoak izan daitezke.
Ekonomia
EAJk eta EAk Gipuzkoako sozietateen zerga %30ekoa izatea onartu dute gobernu kontseiluan
Batzar Nagusiek balekoa emateko, beste alderdi baten babesa beharko dute. Enpresa txikiek eta ertainek %24ko tasa izango lukete. PSE-EEk "ardura" eskatu die EAJri eta EAri; Aralar erabakiaren kontra azaldu da. Arabak eta Bizkaiak %28ko tasa orokorra daukaten arren, Markel Olanok ez du uste arazorik sortuko denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu