Rodolfo Ares, Iñaki Arriola, Pili Garcia Salazar eta Joseba Aurrekoetxea joango dira EAJren eta PSEren izenean Eusko Legebiltzarrean egingo duten bilerara, eta batez ere, fiskalitateaz hitz egingo dutela aurreratu dute, EH Bildu euren akordiora gerturatzeko modua hor ikusten dutelako, besteak beste, errenta altuei fiskalitatea igotzeari buruz hitzartutakoa EH Bilduk eta sozialistek Gipuzkoan egindakoa delako, bi alderdiok ziurtatzen dutenez.
EH BIlduren ustez, ordea, hitzarmenak ez du berezko eta bertatik ateratzeko formularik proposatzen, ez krisitik ateratzeko, eta ezta Madrildik datozen "lege neoliberalei eta inposaketei" erantzuteko ere, eta proposatzen dituzten erreforma fiskalak ez dira Gipuzkoan aplikatzen direnetara heltzen, "gehien dutenek ez dutelako gehiago ordainduko". Hori azaltzeko dioenez, PFEZari dagokionez Gipuzkoako eredua hartu dute, baina kapitalaren errentei dagokienez urrun geratu dira.
PPrekin, berriz, hitz egiten jarraituko dute EAJk eta PSEk popularrak akordiora batzeko asmoz, baina bigarren bileraren berririk ez dute eman oraindik.