Jarrera zuhurrarekin hartu du EAJk Aurrekontuen Egonkortasunerako Lege Organikoa. Ez du erabat alboratu, ezta babestu ere, baina ohartarazi dio PPri eztabaida zorrotz kontrolatuko duela, foru aldundiek aurrekontu eta zerga kontuetan dituen eskuduntzak bortxatu ez ditzan.
«Ahal dugun kontu handienarekin eta ahal ditugun zalantza guztiekin». Hitz horiekin laburtu du EAJren jarrera Josu Erkorekak, Espainiako Kongresuko talde parlamentario jeltzaleko bozeramaileak. Erkorekak gogoratu duenez, EAJk Espainiako Konstituzioaren aldaketaren aurkako botoa eman zuen, uste baitzuen aurrekontuen orekak ez zuela egon behar Espainiaren lege nagusian. «Eta ez dugu ongi ikusten, egonkortasunaren eta aurrekontuen orekaren izenean, gurutzada bat hastea ehunka arau eta lege mugatzaile jartzeko».
Erkorekak aurreratu duenez, legea tramitatzen denean arreta berezia jarriko du foru aldundien berezitasuna bortxatua izan ez dadin. «Gure eginahala egingo dugu foruek aurrekontu eta zerga kontuetan ematen dituzten berezitasunak errespeta daitezen».
Lan horretan Jaurlaritzarekin eskuz esku aritzerik ez du espero EAJk. «Euskal berezitasunak eta eskuduntzak guk defendatu beharko ditugu, Patxi Lopezen Jaurlaritza beste borroka batzuetan dabilelako, eta ez da honetan sartuko».
Atzo, Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentearekin bilera izan ostean, Lopez lehendakariak ez zion gaiari aipamen zuzenik egin. Hilabete hasieran, ordea, Espainiako Gobernuak iradoki zuenean erkidegoetako aurrekontuak gainbegiratu nahi zituela «autogobernuaren aurkako erasoa» zela ziurtatu zuen. Atzo aurkeztutako legegaiak dio aurrekontuetako «ildo nagusia» soilik jakinarazi behar zaizkiola Espainiako Gobernuari, baina isunak ezartzen dizkie defizitaren muga betetzen ez dutenei.
LAB, haserre
LABek ez du begi onez hartu Madrilek onartutako legegaia. «Merkatuek eta Europako potentziak egindako xantaiaren ondorioa da; Espainiako Estatuko alderdi nagusiek eta haien menpeko gobernuek xalotasunez onartutako xantaia», ziurtatu du agiri baten bidez.
LABek dei egin die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari alde biko bileren bitartez jorra ditzatela finantzaketari buruzko gaiak Espainiako Gobernuarekin. Hala ere, ez du askorik espero, «itxura foral horren atzean menpekotasun harremana ezkutatzen baita; hori erakusten du bi gobernu autonomikoek sistemikoki ontzat hartu behar izateak beste erkidegoentzat ezarritako defizit helburua».
Gauzak horrela, sindikatu abertzaleak uste du aurrerantzean autonomia «estuagoa eta zaindutakoa» izango dituztela Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, ezingo baitute zorpetze publikora jo aurrekontu politika baten barruan. «Espainiako Estatuaren gainbehera ekonomikoak eta haren politika antisozialak arrazoi bat gehiago dira gure garapen sozioekonomikoa bilatzeko, marko subirano eta independente baten barruan».
EAJk zuhurtziaz hartu du legegaia, eta aldundien defentsa iragarri du
LABek ziurtatu du EAEk eta Nafarroak autonomia «estuagoa eta zaindutakoa» izango dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu