Eusko Legebiltzarrak 2012ko aurrekontuak onartu ditu, PSE eta PPren baiezkoarekin, EAJren abstentzioarekin eta gainontzeko alderdien ezezkoarekin. Aurrekontua 10.449 milioi eurokoa da, iaz baino %1 gutxiago. Departamentu guztietan murrizketak aurreikusten dira, Etxebizitza, Lan Publiko eta Garraio sailan eta Lehendakaritzan izan ezik; horietan %10,5eko eta %17,5eko igoerak ezarriko dira, hurrenez hurren.
Etxebizitza, Lan Publiko eta Garraio sailean diru partidaren %27'3a AHTren eraikitze lanetan erabiliko da. Bestalde gizarte laguntzetan %7ko murrizketak ezartzen dira.
Oposizioak negoziazio saiakerarik egin ez izana egotzi dio Patxi Lopezen gobernuari. Joana Madrigal PSE-EEko kideak adierazi du aurrekontuek hiru helburu betetzen dituztela: "gizarte batuago bat lortzea, lana sortzeko gai den ekonomia emankorra lortzea eta aurrekontuen egonkortasunarekin betetzea".
Bozketa egiterakoan sistema informatikoak hutsegite bat izan du eta eskuz jarraitu dute.
Sindikatuek murrizketen inposaketa salatu dute
ELA, LAB eta EILAS sindikatuek gaur onartu diren murrizketak "negoziaziorik gabe inposatuak" izan direla salatu dute. Elkarretaratzea egin dute Legebiltzarraren aurrean, negoziazioek huts egin ondoren gelditzen den bide bakarra "mobilizazioa" dela adieraziz.
Eusko Jaurlaritzak onartutako aurrekontuetan, PP eta PSE-EEk adostutako zuzenketa dago; Administrazioko gastuak 100 milioi eurotan murrizteko 5 neurri barneratzen dituena. Sindikatuek gogor kritikatu dute zuzenketa.
ELAren esanetan "murrizketek enplegua suntsituko dute eta Administrazio eta zerbitzu publikoen baldintzak okertu". LABek PSE-EEren jarrera "etsigarria" dela esan du, "ustez ezkerrekoa den gobernu batek zerbitzu publikoak pribatizatu dituelako". EILASen ustez ere Gobernuaren jarrera "lotsagarria" da, "langileak zikindu nahi baititu etorkizunik gabeko politika neoliberal bat justifikatzeko.